89 film jaso ditugu Huhezinema jaialdiaren 12. edizioan

Guztira 89 lan aurkeztu dituzte Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. ediziora. Horietatik gehienak, 60 film labur, Sail Ofizialera aurkeztutako lanak dira; antolakuntza taldeak hamar finalistak hautatu beharko ditu ondoren epaimahai ofizialak sariak horien artean banatu ditzan. Azken urtean Euskal Herrian egindakoaren lagin anitza bildu dugu Sail Ofizialera aurkeztu diren lanetan: eskarmentuzko zuzendarien lanak eta hasiberrien filmak, emakumezko eta gizonezko egileen proposamenak, fikziozko filmak, dokumentalak, elkarrizketarik gabeko filmak…

MU Ikasleen Sailera hamaika lan aurkeztu dituzte Mondragon Unibertsitateko ikasleek; bideoklipak, film laburrak eta dokumentalak aurkeztu dituzte ikasleek. Kutixi Sailean, berriz, 18 ikus-entzunezko jaso ditu talde antolatzaileak.

Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiko programazio lantaldeko kideak.

Lehiaketara aurkeztutako 89 lanetatik 42 dira euskaraz eginak. Horiez gain, Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioan nazioarteko hiru film labur erakutsiko dira. Nazioarteko film labur horiek Donostiako 66. Zinemaldian izan ziren ikusgai, Zinema Ikasleen Nazioarteko XVII. Topaketan. Bertan izan ziren Ikus-entzunezko Komunikazio graduko laugarren mailako bost ikasle; Orona sariaren epaimahaia osatu zuten ikasleek. Ikusitako film horietatik hiru hautatu dituzte Huhezineman erakusteko.