Aurreko edizioetan bezala, hamar film laburrek osatzen dute Sail Ofiziala. Hauek dira aurtengo hamarrekoa osatzen duten lanak:
- Gogor atzea (Oier Fuentes) 6’56’’
- Shell Phone (Miren Mujika) 9’42’’
- Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian) 4’41’’
- Un agujero en el muro (Carlos Moure) 18’30’’
- Minutuak (Mikel Uralde Arrue) 9’50’’
- Zain (Pello Gutierrez) 12’36’’
- Ama (Josu Martinez) 7’20’’
- Asfixia (Leire Egaña) 4’40’’
- Agnès (Irati Elortondo) 7’39’’
- Ancora lucciole (Maria Elorza) 14’23’’
Deialdi bete film jaso ditugu sail ofizialean, eta lan zaila izan da hamar finalistak hautatzea. Sekula baino euskarazko film gehiago jaso ditugu Huhezinema Euskal Film Laburren 12. edizioan; Sail Ofizialeko hautaketan ere inoiz baino gehiago dira: hamarretik sei film labur dira euskarazkoak. Sail Ofizialean hautatutako hamar lanetatik bost emakume zuzendariek eginak dira, eta beste bostak, gizon zuzendarienak.
Hautaketan Euskal Herrian azken urtean egindakoaren lagin anitza bildu nahi izan dugu. Hauek dira osatu dugun hamarrekoaren ezaugarrietako batzuk: drama da hautatutako film labur gehienak barnebiltzen dituen generoa, hautatutako film laburren artean animaziozko lan bat dago, eta horietatik zazpi finantziazio publikorik gabe eginak dira (Vertigo sarirako hautagaiak). Aurtengo finalisten artean, Ikus entzunezko Komunikazioa Graduko ikasle ohiek zuzendutako hiru film labur daude: Miren Mujikaren Shell Phone, Mikel Uralderen Minutuak eta Irati Elortondoren Agnés.
Apirilaren 5ean Aretxabaletako Arkupe aretoan egingo den sari banaketa ekitaldian, Sail Ofizialean hautatutako hamar filmen egileek jasoko dituzten 200 euroez gain, beste sari hauetakoren bat irabazteko aukera iango dute: Goiena Saria (1.000 euro euskarazko film onenari), Vertigo Saria (400 euro), Ikusleen Saria (300 euro) eta Mundukide Saria (700 euro) hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onenari).
Hamar film labur hauek apirilaren 5ean proiektatuko ditugu Aretxabaletako Arkupe aretoan bertan. Bertan izango dira hautatutako filmen egileetako asko, euren sormen lanak aurkezteko eta ikusleekin partekatzeko; beste hainbat gonbidatu ere bilduko dira Huhezinema jaialdiaren 12. edizioari amaiera biribila emateko.