Donostiako Zinemaldiko epaimahaikide lanetan aritu dira Mondragon Unibertsitateko ikasleak

Donostiako 66. Zinemaldian izan dira Ikus-entzunezko Komunikazio graduko laugarren mailako bost ikasle, Zinema Ikasleen Nazioarteko XVII. Topaketan. Zuriñe Maguregi koordinatzailearekin batera, Orona sariaren epaimahaia osatu dute ikasleek, eta topaketako film laburrik berritzaileenari Orona Saria (5.000 euro) emateko ardura izan dute. Hautatutako ikasleak Haizea Azpilikueta, Unai Portilla, Irati Vergara, Leire Zarate eta Ane Zuazubiskar izan dira. Epaimahaiak Betzabe Garcia zuzendari mexikarraren “The Girl With Two Heads” film laburra saritu du, “zinemaren historian askotan landu den emakumearen gorputzaren gaia era apurtzailean kontatu duelako, eta teknikoki zein narratiboki berritzailea delako”.

ORONA 1 Karlos Corbella.JPG
Orona sariko epaimahaikideak, Iñigo Marquet Orona Fundazioko garapen zuzendaria eta The Girl With Two Heads filmeko lantaldea. / Karlos Corbella, Donostiako Zinemaldia.

Orona sariaren film irabazlea eta topaketan izan diren beste film labur batzuk Huhezinemara ekarriko ditugu laugarren aldiz, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren eta Huhezinema jaialdiaren arteko lankidetza hitzarmenari esker.

ORONA 2 Betzabe Garcia
Emakumeen gorputzei buruzko narratiba berriak proposatzen ditu The Girl With Two Heads filmak.

Nazioarteko zinema eskola garrantzitsuenetakoetatik Euskal Herrira etorritako ikasleen lanak ikusi eta zinegile berriak ezagutzeko aukera izan dute bost ikasleek; “denbora gutxian asko ikasteko aukera” izan dutela nabarmendu dute ikasleek. Film laburrak ikusteko bakarrik ez, Zinemaldiko sail ofizialeko film luzeak ikusi eta zine zuzendari esanguratsuen master class-etan egoteko aukera izan dute ikasleek. Besteak beste, Peter Strickland eta Albertina Carriren filmak ikusi eta haien hitzaldiak entzun dituzte.

Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan saritutako film laburren gaineko informazioa lotura honetan aurkituko duzu.