NORTZUK GARA

HUHEZINEMA EUSKAL IKUS-ENTZUNEZKOEN JAIALDIA

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, 2008. urtean jarri zuen abian Huhezinema. Ordutik, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko laugarren eta azken mailako ikasleek hartu ohi dute jaialdia antolatzeko ardura, eta horixe da ekimen honen ezaugarri nagusietako bat. 2022. urtean abiatuta, ‘Kultur ekitaldiak antolatu eta ekoiztea’ moduluaren barruan burutzen da jaialdia.

Modulu honetan, ikasleek lau urteetan zehar jaso duten ezagutza praktikara eramaten dute, talde lanean oinarrituta, klasean ikasitako teoriak errealitatearekin uztartuz. Jaialdi profesionala eta kalitatezkoa sortzea da ekimen honen helburua. Besteak beste, euskarazko film labur eta bideoklip berriak jartzen dira publikoaren esku.

2026-27 ikasturteko ikasle taldea

Zenbaki borobila beteko du aurten Huhezinema jaialdiak, hogeigarren urteurrena izango baita. Urtero bezala, ikasle talde oso bat ariko da antolakuntza lanetan. Maialen Torres eta Miriam Arandia irakasleen gidaritzapean, 26 ikaslek osatuko dute taldea.

Izenez izen, ondorengoak izango dira antolatzaileak: Oier Gastesi, Anne Sanchez, Ekiñe Altuna, Eleder Fernandez, Garazi Arozena, Haizea Rico, Harri Arzelus, Helena Costa, Inge Altuna, Irati Azkarate, Ixone Soltxaga, Jon Ameztoy, Maddi Martin, Manu Etxeberria, Mikel Sotes, Mikel Perez, Nacho Fernandez, Naikari Zubillaga, Ander Ormazabal, Peio Kerexeta, Ziortza Irazu, Aitor Holgado, Aitor Leandro, Maialen Etxeberria, eta Xabi Rebollar,

Zerrendatutako ikasleak hiru taldetan banatuta ariko dira lanean: programazioa, produkzioa eta komunikazioa.

Programazioari dagokionez, jaialdiaren egitaraua prestatzea izango da taldekideen zeregin nagusia. Ekimenak iraungo dituen hiru egun horietarako (urtarrilak 20-21-22) hainbat ekitaldi prestatuko dituzte; hala nola, film laburren proiekzioak, sari-emateak, gonbidatuen hitzaldiak, tailerrak eta abar.

Produkzio taldeak, berriz, babesle, laguntzaile eta kolaboratzaile bila jardungo du jaialdiaren finantzaketa bermatzeko eta jasotako diru kopuruaren kudeaketa egiteko.

Azkenik, komunikazio taldearen funtsa izango da jaialdiaren irudia zabaltzea eta zaintzea, sare sozialak kudeatzea, webgunea elikatzea eta hedabideekin harreman zuzena mantentzea. Jaialdiaren berri gero eta jende gehiagorengana iritsi, aberatsagoa izango baita emaitza.

Beraz, gonbidatzen zaituztegu Huhezinema 20 jaialdiaren lana gertutik jarraitzera eta gure komunitatearen parte izatera! Gure esku dago euskarazko ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatzea!

Goazen 20. ekitaldiaren bila!