AITZOL ZUBIZARRETAK SORTUTAKO KARTELA IZANGO DA 12. HUHEZINEMAREN JAIALDIAREN IRUDIA
Aitzol Zubizarreta (1998, Santurtzi) Ikus-entzunezko Komunikazioko graduko ikasleak irabazi du 12. Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia iragartzeko kartel lehiaketa. Guztira, Euskal Herri osotik bidalitako 33 lan jaso ditu epaimahaiak, eta guztiak aztertu ostean, Zubizarretaren kartela hautatu du jaialdia iragarri eta euskarrietarako diseinuak sortzeko. HUHEZIn ikasten hasi zenetik, askotan parte hartu du zinemaren inguruko ekintzetan, eta 11. Huhezineman Kutixi saileko Ikusleen Saria lortu zuten.

Lehiaketarako kartela sortu baino lehen “klaserako kartelen bat edo beste” diseinatu duela dio Zubizarretak, baina “lan serio bat” egin duen lehen aldia hau dela; diseinu lanekin “harreman handirik” ez duen arren, aspalditik ditu gustuko, “sormenarekin eta irudimenarekin lotura zuzena” dutelako. “Umetan marrazketa lehiaketa pare bat” irabazitakoa da Santurtzikoa, baina kartel lehiaketa batean “lehenengoz” hartu du parte.
Zinemak hamabi hamarkada bete dituela eta 12. Huhezinema dela baliatuta, eta “leloa zinemaren lotuta” dagoenez, zinemaren historian esanguratsuak izan diren “hamabi pertsonaia” hautatu zituen Zubizarretak kartelerako. “Zinemaren historiako pertsonaiarik ezagun eta deigarrienak” zerrendatu, eta hamabi aukeratu zituen: “Ideia hau da: nahiz eta film guztiak ez ezagutu aurpegi eta irudiak ezagunak egingo zaizkio ikusleari. Gainera, ikusleentzat jolas interesgarria izan daiteke denak asmatzen saiatzea”.
Kartel lehiaketara aurkeztutako proposamenetako batzuk ikusgai izango dira Aretxabaletan jaialdiak iraungo duen egunetan. Eskerrik asko parte hartzaile guztiei!