Egitarau betea izan du Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioaren bigarren egunak. Goizean goiz hasi dute eguna Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek. Martxan! Sail berriak gaur hasi du bere bidea; ikasleek Fina Salegi ekoizlearen eta Mirokutana ekoiztetxeko kideen gomendioak eta aholkularitza jaso dituzte, haien proiektuak aurrera eramateko.
Arratsaldeko saioan ere luxuzko gonbidatuak izan ditugu, Uxue Arakama eta Andrea Aranburu aurkezleek aurkeztuta. Asier Altuna eta Telmo Esnal zuzendariek Aupa Etxebeste! eta Agur Etxebeste! filmei buruzkoak kontatu dizkigute, eta Elena Velasco TheNiu komunikazio agentziako kideak Agur Etxebeste! filma izango denaren komunikazio planaz hitz egin digu. Esnalek kontatu du harentzat Aupa Etxebeste! filmarekin bizi zuen unerik ederrenetakoa filma egin ahal izatea bera izan zela: “Inork ez zuen gidoi harekin film bat egin nahi, eta gutxiago euskaraz. Ekoiztetxe batekin ahalegina egin zen gazteleraz egiteko, eta ez genuen lortu egitea. Eta gero, duela hamabost urte Eusko Jaurlaritzak eta ETBk erabaki zuten zinema egin behar zela euskaraz, eta gidoiak behar ziren. Eta guk gidoia bageneukan. Filma egingo genuela esan ziguten unea ederra izan zen”. Altunak kontatu du herrian gelditu zen uda batean bururatu zitzaiola Aupa Etxebeste! filmaren ideia: “Jarduera industriala duten beste herri batzuk bezala, hustu egiten da Bergara abuztuan. Herrian gelditzen ginen lagunak, etxean gurasorik gabe, eta tabernan geunden batean otu zitzaigun Aupa Etxebeste! filmaren ideia”.
Agur Etxebeste egitea proposatu zietenean onartu zuten bi zuzendariek. Altunak zehaztu du ekoiztetxeak deitu ziela biei: “Ekoiztetxekoek egin zuten apustua, eta haiek deitu gaituzte. Ez da egunero gertatzen norbaitek deitzea film bat egiteko, eta aurrera egitea erabaki genuen”. Hala jarraitu du Esnalek: “Lehenengo filmean aktore izan ziren guztiei deitu genien. Pentsatu genuen guri eman baziguten aukera berriro ere egiteko, polita litzatekeela haiei ere aukera ematea”. Gehitu du Aupa Etxebeste! filmak “barrurako itxurakeriaz” hitz egiten bazuen, Agur Etxebeste! filmak kanporakoaz hitz egiten duela: “Nahi genizkion egin aurreko filmari keinuak, baina era berean filmak funtzionatu behar du bakarrik”.
TheNiu Komunikazio agentziako kide Elena Velascok azaldu du egin zuten lehen lana Agur Etxebeste! filmaren komunikazio plana egitea izan zela, eta uste baino jakin-min gehiago eragin zutela hasieran: “Zaila izan zen kudeatzea filmazio egunetako martxa. Hedabide askok nahi zuten etorri, baina batzuetan ezin zen. Berezia da filma Aupa Etxebesteren jarraipena izateak beste interes bat sortu duelako, eta horrek ere eskatzen du lan egitea”. Esnalek aitortu du badutela “bertigo moduko bat”: “Zaila da komunikazio lanetan aritzea filma amaitu aurretik, kea saltzen ari bagina bezala. Filma estreinatzean errazagoa da”.
Eguna amaitzeko, plaza hartu du Huhezinema Jaialdiak. Bacon SFX enpresako lagunen eskutik, karakterizazio efektu bereziak ezagutzeko aukera izan dute bertaratutako haur eta helduek.
Bihar, ikasleen lanak protagonista
Hamabigarren Huhezinemaren hirugarren egunean ere Martxan! Saila izango da goizez. Banaketa landuko da Aitor Arenas Suso eta Leire Lardizabal Azurmendi profesionalek bideratuta.
Arratsaldean, ikasleen lanak egongo dira ikusgai Arkupen. 16:00etan Kutixi Sailean hautatu diren hogei lanak proiektatuko dira; guztiek dute gastronomia edo sukaldea istorioaren ardatzean: Kafe-te-gia, Eiderren saltsak, Naedlakus, The artist, Urtea joan da, 5 senses, Zure esku, Gastronomiaren literatura, Otordua, Neurrizukre, Babarrun txapelketa, Zerk bereizten gaitu?, Zer gara, jaten duguna ez bada?, Txoko, Etxetik etxekoentzat, Pobre aberatsak, Sagar + ardo + – tegi, Gosekila eta Ffffuuuargiñano.
Horren ostean, MU Saileko lanak erakutsiko dira. Ikus-entzunezko ikasleek egindako hamar lan proiektatuko dira; fikziozko lanak, dokumentalak, bideoklipak… Hauek dira ikusi ahalko diren 10 lanak: Bajo el techo de barro (Mariana Ramos León, 15 ́), Pelotari (Julen Higuera, 2’), Otalora 27 (Markel Bazanbide Dominguez, 16’), Atabala eta euria (Egoitz D. Ibargoitia, 13’), Hakima Flissi – You say (Eider Uribarri, Maider Arrotxa, Andrea Aranburu, 4’), Min ezkutuak (Ane Garcia, 15’), Taupadak (Nerea Aginagalde, Leire Altuna, Mikel Carrillo, Iker Larrañaga, Eider Moncayola, 12’), Mugak hautsiz (Asier Toledo, Xabier Martin, 11’), Erroak (Ane Zuazubiskar Iñarra, 9’) eta Stendhal (Egoitz D. Ibargoitia, 16’).