Gaur hasi du bere bidea Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioak, eta Aretxabaletako Arkupe aretoa zinemazalez bete da lehen egun honetako ekitaldiak jarraitzeko. 12. Huhezinemari hasiera emateko, Donostiako Zinemaldiko Nest Film Students saileko zenbait film labur proiektatu dira Arkupe aretoan. Nest Film Students topaketa horretan epaimahaikide izan ziren fakultateko bost ikasle, eta hiru film labur ekarri dituzte Huhezinemara, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren eta Huhezinema jaialdiaren arteko lankidetza hitzarmenari esker. Hauek dira Andrea Aranburu eta Uxue Arakama aurkezleen sarreraren ostean proiektatu diren laburrak: The Girl With Two Heads (Betzabé García, Mexiko, 13’), Count your curses (Lòrene Yavo, Belgika, 8’) eta El verano del León Eléctrico (Diego Céspedes, Txile, 20’).
Ondoren, Josu Martinez zuzendariaren Jainkoak ez dit barkatzen dokumentala ikusteko aukera izan dute ikusleek. Martin Ugalde kazetariak Lezo Urreiztietari egindako 35 orduko elkarrizketa da filmaren bizkarrezurra, eta Adur Larrearen marrazkiak, artxiboko irudiak, elkarrizketak eta Joserra Senperenaren musika biltzen ditu. Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten filma; eta Euskal Herri osoko aretoetan ikusgai izan ostean, Huhezinemara ere iritsi da. Gainera, zuzendariak bideo bidez aurkeztu die bere dokumentala ikasleei eta bertaratu diren gainontzeko ikusleei. Mila esker Josu!
Bihar, Martxan! sailaren estreinaldia
Lehen aldiz, lau eguneko egitaraua osatu du Huhezinemaren talde antolatzaileak, eta egitaraua luzatze hori baliatu du Martxan! Saila abian jartzeko. Unibertsitateko ikasleei zuzendutako sail honetan sektoreko profesionalak izango dira Aretxabaletan. Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasleek dituzten proiektuak aurrera ateratzeko laguntza eskainiko diete profesionalek; bihar, Martxan! Saileko lehen egunean, Fina Salegi ekoizlea eta Mirokutana ekoiztetxeko kideak izango ditugu gurekin.
Bazkalostean jarraituko du Huhezinemaren bigarren egunak. 16:30etan, Asier Altuna eta Telmo Esnal zinema zuzendariak izango dira Arkupen. Aupa Etxebeste! eta Agur Etxebeste! filmen inguruko hitzaldia emango dute, eta zinemagile ofizioaz ere hitz egingo dute. TheNiu komunikazio agentziako Elena Velasco ere bertaratuko da Agur Etxebeste! filmaren komunikazio prozesua azaltzeko.
Arratsaldeko 18:30etan Huhezinemak kaleak hartuko ditu: efektu berezietan aritzen den Bacon FX enpresa bilbotarrak protesiak egiteko prozesua erakutsiko die herritarrei eta Huhezinemako parte hartzaileei. Pertsonaiak gorpuzteko behar diren elementuak erakutsiko dituzte: arropak, protesiak, makilajea… Eta noski, hurbiltzen den orok izango du aukera protesiak probatzeko!