Sortzeke daudenak eta sortutakoak; ikasleen lanak protagonista

Martxan! sail berriak egin du bere bidea: beso-zabalik hartu dute ikasleek eta sektoreko profesionalek. Gaur, banaketaz hitz egiteko aukera izan dute ikasleek, eta sortzeko bidean dituzten lanen zein sortutakoen inguruan aritu dira Aitor Arenas Banatu Filmak etxeko kidearekin eta Leire Lardizabal Euskaltzaleon Topaguneko kidearekin. Lardizabalek azaldu du “beharrezkoak” direla “ikasleen eta gazteen lanak zabaltzeko” ekimenak, eta “Laburbira, Kameratoia eta Irudienea” jarri ditu adibide moduan.

Arratsaldean, ikasleen lanak jasotzen dituzten bi sailetako lanen proiekzioak izan dira. Lehenengo, Kutixi Saileko lanak aurkeztu dituzte ikasleek; aurten, hogei lan hautatu dituzte gastronomia ardatz duen sailean: Kafe-te-gia, Eiderren saltsak, Naedlakus, The artist, Urtea joan da, 5 senses, Zure esku, Gastronomiaren literatura, Otordua, Neurrizukre, Babarrun txapelketa, Zerk bereizten gaitu?, Zer gara, jaten duguna ez bada?, Txoko, Etxetik etxekoentzat, Pobre aberatsak, Sagar + ardo + – tegi, Gosekila eta Ffffuuuargiñano.


Horren ostean, MU Saileko lanak erakutsi dituzte. Ikus-entzunezko ikasleek egindako hamar lan proiektatu dira: Bajo el techo de barro (Mariana Ramos León, 15’), Pelotari (Julen Higuera, 2’), Otalora 27 (Markel Bazanbide Dominguez, 16’), Atabala eta euria (Egoitz D. Ibargoitia, 13’), Hakima Flissi You say (Eider Uribarri, Maider Arrotxa, Andrea Aranburu, 4’), Min ezkutuak (Ane Garcia, 15’), Taupadak (Nerea Aginagalde, Leire Altuna, Mikel Carrillo, Iker Larrañaga, Eider Moncayola, 12’), Mugak hautsiz (Asier Toledo, Xabier Martin, 11’), Erroak (Ane Zuazubiskar Iñarra, 9’) eta Stendhal (Egoitz D. Ibargoitia, 16’).

Korrikaren 21. edizioak gaur hasi du bere bidea Garesen, eta horri keinua egin diote fakultateko Euskara Batzordeko kideek. Kantatuta eta testu bat irakurrita, Klika egitearen aldeko mezua zabaldu dute

Sail Ofiziala eta sari banaketa ekitaldiak bihar

Huhezinemaren 12. edizioa agurtzeko Sail Ofizialeko 10 lan ikusteko aukera egongo da Arkupen, 16:30etan hasita. Hauek dira aurtengo hamar finalistak: Gogor atzea (Oier Fuentes, 7’), Shell phone (Miren Mujika, 10’), Zain (Pello Gutierrez, 13’), Tximeletaren hegaldia (Amaia San Sebastian, 5’), Un agujero en el muro (Carlos Moure, 20’), Ama (Josu Martinez, 9’), Minutuak (Mikel Uralde Arrue, 10’), Asfixia (Leire Egaña, 5’), Agnès (Irati Elortondo, 8’) eta Ancora lucciole (Maria Elorza, 15’).

Sail Ofizialean proiektatuko diren laburren artean hiru sari banatuko dira, proiekzioaren ondotik egingo den sari banaketa ekitaldian. Goiena saria jasoko du euskarazko filmik onenak (1.000€). Horrez gain, Vertigo Saria (400€) emango du Mondragon Unibertsitateko ikasleek osatutako epaimahaiak, eta Ikusleen Saria (300€) hautatuko dute bertaratutako ikusleek.

Bihar banatuko dira bezperan proiektatutako sailei dagozkien sariak ere. Kutixi Saileko laburrik onenari 400€ko saria banatuko zaio, eta ikusleek ere sail honetan gehien gustatu zaien film laburra aukeratuko dute Ikusleen Saria jasotzeko (100€).

Epaimahai ofizialak fikziozko lanik onena (300€) eta dokumental onena (300€) sarituko ditu. Gainera, Argazki Onenaren Saria ere banatuko du epaimahaiak; Ogeita4 enpresak 1500€tan baloratutako kamera ekipamendua utziko dio irabazleari, euskarazko film labur bat egiteko, 2020ko Huhezineman aurkeztuko dena. Gainera, 100€-ko Ikusleen Saria ere banatuko da sail honetan.

Hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Mundukidek Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko du 700€-rekin.

Sari banaketaren ostean plazako arkupeetan izango da jaialdiaren bukaerako luntxa; 22:30etan Eyharts talde bergararrak kontzertua eskainiko du 12. Huhezinema agurtzeko.