Jaialdia hurbiltzen ari den heinean, baditugu nobedade gehiago zuei kontatzeko aukera. Izan ere, euskal websailen lehen topaketa antolatu dugu Huhezineman. Bost websailen zenbait kapitulu ikusteko aukera izango du martxoaren 22an, ostegunean, 16:00etatik aurrera Aretxabaletako Arkupe aretoan.
Telesailak eta websailak hasiak dira mundu osoko zinema jaialdietan beren txokoa irabazten, eta Huhezineman ere jardunaldi berezi bat prestatu dugu ostegun arratsalderako: zinema aretotik sarera egingo dugu salto, eta euskal websailei begira jarriko gara. Azken urteotan, euskarazko websailek gorakada bat izan dute, eta hainbat egilerekin sareko euskarazko fikzioaren egoeraz eztabaidatzeko tartea izango dugu.
Zizerkora, Txoministak, Tokiz Kanpo, Nomofobikak eta The Coffee Advisors websailak izango dira protagonista nagusiak. Aurrenekoa, MUko ikasle talde batek sortu berri duen proiektu gaztea da, pilotua besterik ez dauka oraindik, baina Next Station plataformak lehen fasean aukeratu dituen hiru proiektuetako bat da. Taldea Josu Artutxa, Patxi Irigoien, Iñigo Otaegi, Kike Otegi eta Ibai Zabala ikaskideek osatzen dute
Etorkizunetik iraganera, 2016an estreinatu zuen Txoministak websaila Hiru Damatxo ideia faktoriak, eta 10 minutu inguruko 8 atalek osatzen dute. Euskal Herria behin betiko askatuko duen alderdi politikoaren sorrera kontatzen du websailak, gidoi umoretsu eta ironikoarekin. Hiru Damatxo Islandiarrak ekoiztetxearekin batera egun garatzen ari den Tokiz kanpo websail dokumentalaren lehen atala ere pantaila handian aurkeztuko dugu. Ekoiztetxe honen ordezkari bezala Edurne Azkarate izango da gurekin, Txoministak websaileko aktorea eta aurtengo jaialdiko epaimahaikidea.
Mugikorrik gabe etxetik irtetearen beldurrari «nomofobia» esaten zaio, eta sendatzeko abangoardiako terapia esperimental batean parte hartzen duten bi lagunen istorioa kontatzen du Nomofobikak websailak. Atal batzuen proiekzioaz gain, Olatz Beobide sortzaile eta aktorea eta Pedro Fuentes zuzendari eta gidoilaria izango dira gure artean haien proiektuaz hitz egiteko.
Saioa borobiltzeko, Lander Camarero bilbotarra New Yorken garatzen ari den proiektu baten inguruan ariko gara: The Coffee Advisors, irailaren 11ko atentatuen ikerketa independente batean murgiltzen gaituen websaila. Lehenengo atala proiektatuko dugu pantaila handian.
Bukatzeko, gerturatutako sortzaileekin balorazioa egingo dugu, formatu berri honen inguruko solasaldi bat, publikoaren parte hartzearekin.