<p><a href=”https://vimeo.com/152455966″>PEDALÓ (trailer)</a> from <a href=”https://vimeo.com/user6280584″>Juan Palacios</a> on <a href=”https://vimeo.com”>Vimeo</a>.</p>
Juan Palacios zuzendari eibartarra izango da gurean HUHEZINEMA Euskal Film Laburren 10.urteurrenean. Urteroko ohiturei jarraiki, jaialdiak zuzendari baten masterclass-a antolatu du eta 2016ko euskal zinemaren sorpresetako bat izan den Pedaló filmaren estreinaldia aprobetxatuz, Juan Palacios izango da masterclass-a emango duen zuzendaria.
Palaciosek bideo esperimentalarekin, ikusizko egunkariekin, film-saiakerekin eta behaketa-dokumentalekin egiten du lan. Bere filmek naturaren eta giza kulturaren arteko mugak aztertzen dituzte, baita zinematografiako prozesua bera ere. Bere talde artistikoarekin, Ultramar Collective-ekin, egin zuen bere lehen film laburra, Chelonia memoriae, eta Madrilgo Reina Sofía Museoko bideo-bildumarako hautatu zuten. Bai The Tibetan Spider-ek eta bai Corte profundo filmak ere, biak ala biak Nafarroako CTL zinema-jaialdia irabazi zuten, 2014an eta 2015ean, hurrenez hurren. PEDALÓ haren lehen film luzea da eta Euskal Zinemaren Irizar Saria irabazi zuen 2016-ko Donostiako Zinemaldian.
Bere lehen film luzearekin aurkeztuko da Huhezinemara: Pedaló. Filmaren sinopsiari dagokionez, zinemagile hasiberri bat hiru laguni segika dabil bidaia nautiko surrealista batean. Bigarren eskuko pedaló batean igota, Euskal Herriko kostatik 150km egiteko asmoa dute. Pedaloa, tamalez, ez da Kantauri itsasoko uretan ibiltzeko sortua, eta hasi bezain pronto, bidaia zoramen bihurtuko da: ezbeharra, parranda, biharamuna, xamana, hileta e. a. Hiru “marinel” hauen espedizioa dokumentatzen doan heinean, zuzendaria, bidaia paralelo batean murgilduko da.
Jada hainbat jaialditan parte hartu du eta sariak irabazi ditu, besteak beste: Irizar Basque Film Award Donostiako Zinemaldian (2016), Punto De Vista (Foco) Iruñan (2016) eta Bartzelonan Zinemaldia.cat jaialdian (2017).
Huhezinema aurreko zerrenda horretan sartuko da, bere masterclass-a emateaz gain bere lehen film luzea aurkeztuko baitu. Martxoak 29, asteazkenean jaialdiari hasiera emango dio Palaciosen filmak. Goizeko 10:00etan Pedaló-ren proiekzioa egingo da eta ondoren 12:00etatik aurrera Juan Palacios berak masterclass-a emango du.
Emanaldia eta masterclassa doakoak dira. Animatu gurekin Huhezinema jaialdiaren bidaian murgiltzera. Kantauri itsasoan barrena, pedalo baten gainean hasiko dugu bidaia.