Hementxe argitaratzen dugu Huhezinema 20. edizioko iruditeria, eta azken urteetako joeratik aldenduz, ikuspegi modernoa dakarkigu. Irudi bizi-biziak, loraldi betean dagoen zinema jaialdirako.
Huhezinema Euskal Ikus-Entzunezkoen Jaialdiaren 20. edizioa prestatzeko lanean murgilduta jarraitzen dugu. Zehazki, 2027ko urtarrilaren 20, 21 eta 22an ospatuko dugu, eta hementxe aurkezten dizuegu aurtengo iruditeria. Urtero ikasle talde berri batek antolaturik, ideia berritzaileekin gatoz oraingoan, eta ikuspegi modernoa dakarkigu. Bizi-bizirik dagoen zinema jaialdia da Huhezinema, eta freskotasuna eman nahi izan diogu iruditegiari.
Azken urteetako joeratik aldendu gara, eta zinemarekin lotutako topikoak atzean utzi ditugu. Kolore biziak ageri dira gure irudietan. Sail ofiziala kolore urdinari lotu diogu, ikasleen saila arrosari, eta bideoklip saila horiari. Tipografiari dagokionez, sare moduko bat antzeman daiteke, eta sare horrekin irudikatu nahi dugu Huhezinemari lotzen zaizkion alor guztiak batzen ditugula. Sarean bertan elkartzen ditugu ikasleak, profesionalak, ikusleak eta Aretxabaletako zein Debagoienako herritarrak. Funtsean, euskal talentuaren sarea eraiki dugu.
Aurten 20. urteurrena izanik, iruditegi dinamikoa eta berritzailea sortu dugu, baina azken bi hamarkadek eman diguten guztia atzean utzi gabe. Kartel ofizial bat badaukagu, bai, baina irudi ezberdinak erabiliko ditugu bestelako euskarrietan. Estilo berari eutsiz, euskarri bakoitzari dagokion irudia gehitzea da ideia. Aberastasuna irabazi nahi dugu, aniztasuna.
Proposamen honek, beraz, azken urteetako joerarekin hautsi eta ikuspegi berritzailea ekarriko digu. Atzokoak gogoratu gaurkoak sortzeko, eta etorkizuna eraikitzeko. Goazen 20. Huhezinemaren bila!