URTARRILAK 27 KRONIKA HUHEZINEMA

Maider Oleagaren “Irrits” izan da aurtengo HUHEZINEMA SARIko irabazlea!

Azkenean, lan asko egin eta gero, iritsi da egun handia! Arratsaldeko 14:30ean ekin diogu egitarauari, atseden baten bidez bi zatitan banaturiko Sail Ofizialeko proiekzioekin. Euskal Herriko zinema sortzaileak elkartzeko plaza bihurtu da Zaraia aretoa.

Iluntzeko zazpietan hasi da guztiek espero genuen momentua, sari banaketa. Atmosferan ilusioa, urduritasuna eta jakin-mina antzeman dira hautatuen artean. Bideoklip sailean parte hartu duen Flavio Bánterlaren “NNN ZZZ”ko (Nor Naiz Ni, Zein Zara Zu) protagonista ere azaldu da aretora: BURUHANDIA!

Jaialdia posible egin duten babesleetako batzuk ere gerturatu dira gaur Arkupera. Gurekin izan dira Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko, Aretxabaletako Udaleko, DANOBATGROUPeko, Mundukideko, Goienako, Berriako eta Artemaneko ordezkariak.

Hauexek izan dira 16. HUHEZINEMAko irabazleak:

SAIL OFIZIALA 

  • HUHEZINEMA SARIA (800€), BERRIAren osagarriarekin – “Irrits” – Maider Oleaga (Kepa Errasti epaimahai ofizialeko kideak eman du saria)
  • VERTIGO SARIA (400€) – “Siempre lunes” – David González (Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko Lara Garcia, Julen Iglesias eta Olatz Asua ikasleek eman dute saria)
  • SENIOR EPAIMAHAIAREN SARIA (300€) – “Cuerdas” – Estibaliz Urresola Solaguren (Goienagusi elkarteko Rosa Urretak eman du saria)
  • IKUSLEEN SARIA (100€tan baloratutako saria) – “36” – Ana Lambarri Tellaeche (Aretxabaletako Udaletik, Ainhoa Cabero kultur zinegotziak eman du saria)

BIDEOKLIP SAILA

  • BIDEOKLIP ONENAREN SARIA (300€) – “Coyote eta Chico Tornado Vs Don Condor eta Ñora Alacran” – Nitya Lopez (Andoni Imaz epaimahai ofizialeko kideak eman du saria)
  • EUSKARAZKO BIDEOKLIP ONENA (200€) – “Nor Naiz Ni, Zein Zara Zu” (Flavio Bánterla) – Aitor Arruti (Goio Arana Aretxabaletako campuseko zuzendariak eman du saria)
  • IKUSLEEN SARIA (100€tan baloratutako saria) – “COKO” (OLD G) – Iñaki Tena eta Claudia Molina (DANOBATGROUPeko Iñaki Herrera ordezkariak eman du saria)

IKASLE SAILA

  • IKASLE LAN ONENAREN SARIA, Gaztezuloren osagarriarekin (300€) – “Estampado” – Gerardo Tomé (Escuela de Cine del País Vasco – Bilbo) (Humanitate eta Zientzien Fakultateko bekanoa den Nagore Ipiñak eman du saria)
  • MU SARIA (150€) – “Mitxoletak” – Javier Elizalde (Humanitate eta Zientzien Fakultateko bekanoa den Nagore Ipiñak eman du saria)
  • MUNDUKIDE SARIA (700€) – “NAHAR” – Beñat Goia eta Iraia Irazusta (Urri Urizar, Mundukideko ordezkariak eman du saria)
  • IKUSLEEN SARIA (100€tan baloratutako saria) – “Muskil” – Marina Perosanz (Ausolaneko Juan Mari Bergaretxe ordezkariak eman du saria)

Ausolanen eskutik, lunch-a izan dugu ekitaldiari behar bezalako amaiera emateko. Pintxo eta pintxo artean zineforum informal bat egiteko aukera izan dute bertaratu direnek.

Azkenik, Elektropottotte elektrotxarangak girotu du iluntze euritsua Aretxabaletako Arkupe plazan eta DJ Cochinita Pibilen eskutik eman diogu itxiera ofiziala ordu txikitan aurtengo edizioari.

Egia esan, ez genuen espero Sail Ofiziala irabaztea, poztasun handiarekin irten gara aretotik eta oso eskertuta gaude HUHEZINEMArekin.

Maider Oleaga eta Izaro Nieto (HUHEZINEMA sariaren irabazleak eta Irrits filmeko zuzendaria eta aktorea, hurrenez hurren)

Film labur asko egin ondoren, luzemetrai bat zuzendu eta ekoiztu dut modu independentean, baina oso gogorra izan zenez, berriro itzuli nintzen film laburretara. Esaten den moduan, “El salto al largo”, baina alderantziz egin dut.  

David González (Vertigo sariaren irabazlea eta Siempre Lunes filmaren zuzendaria)