URTARRILAK 26 KRONIKA HUHEZINEMA

Emozioz beteriko eguna, giro ezin hobean!

Senior proiekzioarekin ireki dugu gaur Arkupe Aretoa. Senior Epaimahaiaren Sariko irabazlea erabakitzeko, Goienagusi elkarteko hainbat kidek Sail Ofizialeko 3 film onenak hautatu dituzte eta horiek izan dira gaur gerturatu diren pertsona nagusiek ikusitakoak, 36 (Ana Lambarri Tellaeche), MUGA (Eñaut Castagnet) eta CUERDAS (Estibaliz Urresola Solaguren), hain zuzen. Laburmetraiak ikusi ostean norbanako bozketa egin da, sariaren irabazlea ostiraleko sari banaketan jakingo delarik. Epaimahai modura, teknikoak ez direnez, barrutik ematen zitzaiena edo zerbait esaten zien hori bozkatu dutela kontatu digute.

“Datorren urtean errepikatzeko moduko esperientzia izan da.” – Rosa Urreta (Senior epaimahaia)

Bozketaren ondoren, Haziko Mikel Garaizabalen eskutik ardo dastaketaz gozatzeko aukera izan dute Mondragon Unibertsitatean. Ikusitako filmak nahiko dramatikoak izan dira, gogorrak, eta goiza borobiltzeko gure gonbidatuak zapore onarekin geratzea zen gure helburua. Bertan ardoen munduaz ikasteko aukera izan dute, “animoso” eta giro ezin hobean, Garaizabalen hitzetan. Izan ere, ardo artean abestiren bat ere kantatu dute!

Senior epaimahaia ardo dastaketan Haziren eskutik

“Plan bikaina eta bitxia izan da, eta gure arteko giroa ere oso polita.” – Senior epaimahaiko kidea

Bazkaltzeko tartea izan eta gero, euskal bikoizketa munduan murgildu gara Aretxabaletako zinema aretoan. Bertan izan dira Ane Aseginolaza (Doraemon, Sorgin aspertua…) eta Arantxa Monux (Nobita, Ane -Hiru hirukiak- …), haien lana eta ibilbidea ezagutarazten. “Afizioa eta ofizioa” izan da bikoizketa hauentzat.

Arantza Monux eta Ane Aseginolaza

“Egia da bikoizketa kontuan hartzea eskertzen dela, gaur egun euskararen egoera kontuan izanda are gehiago. Bikoizketak bizirik iraun behar badu lana egin behar da.” – Arantza Monux eta Ane Aseginolaza

Publikoa ilusioz beterik eta esaten zuten guztia adi-adi entzuten egon da elkarrizketa osoan. Sorpresa bat ere izan da: dinamika baten bitartez, Nobita eta Doraemon pertsonaien ahotsak nola bikoizten dituzten ikusi ahal izan dugu.

Bikoizketa mundutik, “Mari” erdimetraira pasa gara. Oñatiko Antixena gaztetxeko kideek sortutako filmaren proiekzioaren ikustaldiarekin. Jone Markuleta eta Mikel Garai gaztetxeko kideekin batera solasaldia izan da, sorkuntzaren nondik norakoak ezagutaraziz.

Mikel Garai eta Jone Markuleta (MARI)


*Bertan izan ez zirenentzat, elkarrizketak HUHEZINEMAko youtubeko kanalean ikusi ahal izango dira laster.