URTARRILAK 25 KRONIKA HUHEZINEMA

Ilusioa, musika eta dantza!

Musika eta dantzaz betea hasi da 16. edizioa, Kurtzebarri eskolako haurrek “Orkestra Lurtarra” animaziozko filma ikusi dute eta ilusio handiz gainera! Abestiz beteriko film guztian zehar dantza giroa izan da nagusi eta poz-pozik irten dira umeak, gehienak etorkizunean pianistak izan nahi dutela argi utzita. Irakasleen iritziz “esperientzia ona, erakargarria eta interesgarria izan da, gehiago egin beharrekoa”. 


Proiekzioekin hasita, Ikasle Sailean, eskola eta unibertsitate desberdinetako film laburrak ikusteko aukera izan da, nor bere estilora eginda. Zientzia fikzioa eta drama izan dira nagusi, baina dokumentalen bat ikusteko aukera ere izan da.

“Estampado” film laburrarekin aurkeztu den Gerardo Tomé Lasa zuzendari eta HUHEZIko ikasle ohiak jaialdian izateak “ilusio handia” sentitu duela esan digu eta “diseinu aldetik zorionak” eman dizkio antolakuntzari, “urtetik urtera maila altuagoa dagoela ikusten da eta inbidia pixka bat ere ematen du”.

“Filma pantaila handian ikustea izugarria izan da, eta aukera polita izan da guretzat ikus-entzunezkoen jaialdien mundua ezagutzeko” – Marina Perosanz (Muskil)

“Gure lehenengo aurkezpena izan da, orduan uste dut ondo datorrela horrelako festibaletan egotea, gai hauek klasetik haratago ikustaraztea onuragarria baita.” – Maite Diosdado eta Itziar Juaristi (Ni horrelakoa naiz).

Goio Arana, MUko Komunikazio campuseko zuzendariaren hitzetan, “jaialdian urtero geroz eta hobekuntza eta lan handiagoak” izaten dira. Urtero izaten dira aldaketak, baina “batez ere onerako” izan direla azpimarratu du.

Azkenik, Bideoklip Sailean Euskal Herriko musika estilo askotariko ikus-entzunezkoak egon dira, bakoitzak bere erreferentzia zehatzekin sortua. Bideo egile zein musikariak hurbildu dira proiekziora, Assata taldekoak, esaterako, bigarren bideoklipa aurkeztera.

Pasa den urteko Bideoklip saileko irabazlea – Liher – Teloia (Nitya Lopez – ere hurbildu da jaialdira, “Niña Coyote eta Chico Tornado & Don Condor eta Ñora Alacran” izena duen lanarekin hautatua izan baita, izen bera duen taldearena.