XIV. Edizioko epaimahaia prest!

Astebeteren buruan ospatuko den Huhezinemako XIV. edizioko epaimahaikideak konfirmatuta daude jada.

Urtero bezala, epaimahaia zinemaren eta ikus-entzunezkoen munduan aritu diren profesionalez osatuta dago. Haien esperientzia eta iritzia gogoz partekatzera datoz gurekin, Huhezinema lehiaketa izateaz gain, ikaste prozesu bat ere izan dadin.

Hauek dira aurtengo epaimahaikideak:

Erika Olaizola

1989an jaiotako aktore azpeitiarra da. Errealizazio ikasketak burutu zituen Andoaingo Zine eta Bideo eskolan. Horren ostean, hiru urtez aritu zen ikasten Donostiako Arte Eszenikoen Eskolan. Egun, formatzen jarraitzen du. Kamikaz antzerki kolektiboaren sortzaileetako bat da beste bi aktoreekin batera.

Egin dituen lan batzuk: “Zulo” film laburra eta “Euli-giro”, “Käffka” eta “Panpina” antzezlanak dira kolektiboaren barruan sortutakoak, azken hau bakarkako lana eta berriena izanik. Bestetik, Artedraman “Lur”, “Zu ta ni” eta “Eguzkilore”. Eta zineman, “Los tontos y estúpidos” eta “Oreina”. Honetaz gain telebistan “Goenkale” seriean aritu da eta “Kartzela” webseriean parte hartu du.

Arantza Santesteban

Historian lizentziatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Ikus-entzunezko arteetan duen prestakuntza osatzeko, dokumental sortzailean diplomatu da Francesca Bonnemaison zentroan, Belkis Vega (2012, Bartzelona) San Antonio de los Bañoseko (Kuba) irakaslearen eskutik.

Halaber, Guion de Cine Documental en Carmen Ávalos (2013, Bartzelona) lanean trebatu da. Victor Erice (2015, Donostia) eta Patricio Guzman (2016, Madril) izan ditu laguntzaile.

2012an, hainbat dokumentalen zuzendari gisa hasi zen lanean; horien artean, Euritan (2017) sormenezko film laburra nabarmentzen da, eta 2017ko Kimuen Katalogoan hautatu zuten. Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren eta DSS2016ren laguntzarekin egindako filma da. Zinebi, Punto de Vista, Miradas Doc eta Malagako Zinemaldian izan da.

2017an, Arte Garaikideko Uharte Zentroak aukeratu zuen sendategiko ikerketa-egoitza bat garatzeko. Horren barruan, 2018ko ekainean, “Irudiak: gatazketako irudiei buruzko gogoetak” nazioarteko mintegia komisariatu zuen.

2018an, Donostiako Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak antolatutako Ikusmira Berriak nazioarteko egoitza-programan hautatu zuten. Bertan, 2021ean estreinatuko den 918 Gau filma garatzeko lanean aritu zen.

Gaur egun, Arte Ederretako doktoregoa prestatzen ari da Lisboako Unibertsitatean, Susana De Sousa Diasekin, irudikapen zinematografikoa, feminismoa eta gatazka politiko garaikideak lotzen dituzten gaiak ikertzen.

Irati Crespo: 


Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatu zen Mondragon Unibertsitatean. 2019an Caimán Cuadernos de Cine aldizkariak Madrilgo ECAM zine-eskolan kritika zinematografikoari buruz antolatzen duen masterra ikasi zuen. Urte berean, programazio-lanak egin zituen Indie & Doc Fest Cine Coreano erakustaldian, Madrilgo Matadero Kultur Zentroan. Caimán-en webgunean Filmadrid jaialdiaren berri eman du eta Macguffin007 pentsamendu webgunerako erreseinak eta kritikak idatzi ditu. 2020an Komisariotzako graduondokoa ikasi zuen Elías Querejeta Zine Eskolan, non Zinemaldia 70 ikerketa proiektuan parte hartu zuen. Urte berean Donostiako Zinemaldian Zinemira sailean Irizar Saria ematen duen epaimahaikide izan zen. Kresala zineklubeko taldearekin aritu izan da eta 2020an ere Vitrine Films ekoiztetxe eta banatzailearekin lankidetzan Kleber Mendonça Filho zinemagile brasildarrari Tabakaleran eskainitako atzerabegirakoaren komisario izan zen. Master amaierako proiektuan Barbara Hammer zinemagile esperimentalaren ondare teorikoa ikertu zuen, berriki aurkitutako testu interesgarri batzuen ondorioz.Gaur egun Euskal Filmategiko zinema zikloetan laguntzen du eta Donostiako Zinemaldian dihardu lanean, Zinemaldia365 proiektuan.

Aizpea Goenaga: 

1959an jaiotako aktore eta zinema zuzendari donostiarra da. Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria izan zen. 2009 eta 2016 urteen artean euskal aktore eta aktoreen dinastia ezagun batean parte hartu zuen. Aizpea Barbara Goenaga aktorearen izeba da, Juani Mendiola Barkaiztegi aktorearen alaba eta Juan Luis Goenaga artistaren arreba.