Handia eta Errementari filmetako efektu berezien sekretuak ezagutu nahi?

Drama FX enpresa donostiarra, euskal zinemagintzan azken urteotan egin diren filmen efektu berezien sortzailea, izango da gurean HUHEZINEMA Euskal Film Laburren 11. edizioan. Urtero bezala, jaialdiak zinemarekin lotura duen masterclass bat antolatu du eta aurten Handia filmarekin Efektu Berezien Goya Saria irabazi dutela aprobetxatuta, ohore bat izango da gurekin izatea. Aukera paregabea, zinemaren magia eta trukoak bertartik bertara ezagutu eta gozatzeko.

Drama FX 2008an sortutako enpresa da eta Donostian du egoitza. Neurrira eginiko edozein efektu berezi diseinatu eta sor dezakete, egoera bakoitzaren beharren arabera: armak eta inpaktuak; arte zuzendaritza, atrezzo eta dekoratuen eraikuntza; hegaldi efektuak eta efektu bereziak. Azken honetan euria, behe-lainoa, elurra edo sua sortzen trebeak dira.

Aipatu bezala, Handia filmean egindako lanaz gain, martxoan estreinatu berri den Errementari filmeko efektu bereziak ere euren sinadura daramate. Hala ere, beste film hauetan ere parte hartu dute: Morir, Operación Concha, Amama, Loreak, Lasa eta Zabala, Igelak, Urte berri onamona!

Martxoak 21, asteazkenean, izango dugu zuzenean efektu bereziak zelan sortzen diren ezagutzeko aukera. Arratsaldeko 16:00etan hasi eta bi zatitan banatuko da. Lehen zatia Aretxabaletako Arkupe aretoan izango da; bigarrenean, aldiz, enparantzara irtengo gara  17:00tatik aurrera ekintza praktiko eta partehartzaile batekin. Bertan plato bat instalatu eta efektu berezien zuzeneko erakustaldi batekin girotuko dugu arratsaldea.

Masterclass-a eta ekintza praktikoa doakoak izango dira. Gerturatzen den edozein izango da zinema izar sortuko diren efektu bereziekin (sua, kea…), argazki eta bideoak egiteko aukera izanez. Hashtag hau sortu dugu ekitaldi berezi honetarako: #huhezinemafx

Animatu eta gerturatu zinemaren sekretuak bertatik bertara ezagutzera!

 

This slideshow requires JavaScript.