Gaur, martxoak 29, hasi da Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 10.urteurrena. Hilabeteetako lanaren ostean iritsi da lehenengo eguna eta egitarau potentearekin hasi da.
Goizeko 10etan hasi da Jaialdia, Juan Palaciosen “Pedaló” film luzearen proiekzioarekin. Luzemetraiak harrera ona izan du ikusleen artean, sorpresa ona eta entretenigarria izan da hiru gaztek 2012ko udaran euskal kostaldetik egin zuten bidaia. Ondoren zuzendariaren, Juan Palaciosen masterclass-a izan da. Palacios, bere ikasketetaz hitz egiteaz gain, bere esperientziaz mintzatu da eta noski “Pedaló”ri buruzko azalpen eta sekretutxo oro kontatu ditu. Hala nola bere helburua aldatzen joan zela azaldu du: “Abenturari buruz pelikula bat egin, hausnartu eta analizatzea zen helburua” Bere buruhauste haundienaren berri ere eman du: “Dilema handiena abentura bizi edo kontatu erabakitzea izan zen”. Juan Palaciosen hainbat esperientzia eta aholku interesgarrirekin amaitu da beraz, goizeko saioa.
Arratsaldean, “40 urte euskal gizartean eragiten” Iñaki de Bilbao eta Adrian Alonso MUko ikasle ohien dokumentala proiektatu da. Gainera, ikusleek Iñaki de Bilbao eta MUko irakasle den Goio Aranaren arteko solasaldia entzueko aukera izan dute. Dokumentalak atzean dakarren lanaz mintzatu dira. Hala nola, Iñaki de Bilbao hainbat aholku eman ditu: “Elkarrizketa batera testuinguru onarekin joan behar da; gaia sakonduta” eta Gradu Bukaerako Lan on bat egiteko “gakoa planning on bat” egitea dela aipatu du.
Solasaldi honen ostean, Orona Sarien txanda izan da. Iban del Campo, MUko irakasleak, HUHEZIko hiru ikasle eta Andoaingo bi ikaslek osatutako epaimahaia koordinatu du aurten. Eurak izan dira Nazioarteko Orona Sariaren irabazleak hautatzeko arduradunak eta bi film labur aurkeztera etorri zaizkigu: 24º51’ Latitud Norte – Carlos Lenin Treviño eta A Quien Corresponda – Valeria Fernandez.
Eguneko egitarauarekin bukatzeko Basque Culinary Saila aurkeztu da. Sailean hautatuak izan diren hamar film laburrak proiektatu dira eta ikusleek haien botoa emateko aukera izan dute. Aretoko ekintzak bukatuta, eguna ongi bukatzeko Aretxabaletako hainbat tabernetan azken film labur hauek proiektatu dira: gastronomia eta zinea uztartuz.