Tripa ondo beteta gerturatu dira gaur Arkupera zinema zaleak . 14:30tan Mondragon Unibertsitateko ikasleen lanekin ireki dugu ekitaldia, Jon Garate eta Andrea Vitoria aurkezleek ikusiko diren filmak aurkeztu dituzte, eta bertara gerturatu direnei proiektuok aurrera ateratzeko orduan izandako zailtasun eta pozen inguruan hitz egiteko aukera eskaini diete.

Aitor Parra ikaslea animatu da eszenatokira igotzera eta egindako laburraren inguruan hitz egin du. Ondoren, ikasleen sei lan (Arrastoak, Hilen argia, Amaren izenean, A.P.T.O, Banoa eta Permitido fumar) ikusi ditugu. Ilusio aurpegiak nabaritu dira ikusleen artean, beraien lanak pantaila handian ikusteak sortutako zirrarak nabariak ziren.

Atseden labur baten ondoren, berriro bete da aretoa eta ikasleen lanak ikusten jarraitu dugu (Triangeluak, Amestutako egunak, Pintura geruzak, Goikua, Jorrai eta Zurea). Guztiak ikusi eta irteterakoan hautetsontzi dotore batek apaindu du sarrerako mahaia. Kultur etxera gerturatu direnak izan dira gaurko protagonista eta beraiek baloratu dituzte ikusitako lanak. Eman du bakoitzak bere iritzia, eta bota du bere papertxoa kutxara.

17:45ak aldera atera dira berriro eszenatokira Jon eta Andrea eta gustura eman diote txanda gastronomiari. Giro politean jarraitu dugu Basque Culinary Saileko lanak ikusten, algara ugari egon dira tarteko, eta denbora aurrera joan ahala jendearen txalo zaratek bete dute berriro aretoa.
Irteeran Basque Culinary saileko lanik onena aukeratzeko ordua izan da, eta berriro bozkatu dute ikusleek.
Bihar, martxoak 18, Sail Ofizialeko 10 finalisten film laburrak ikusi ondoren, 20:00tan emango dira irabazleen izenak eta saria jasoko dute Arkupe Aretoan. Ondoren, luncha egongo da Orly tabernan, eta 22:00tan kontzertua plazan.