Nazioarteko film laburren emanaldi berezi batekin emango diogu hasiera aurtengo jaialdiari. Esan bezala, 9.Huhezinema edizioa sorpresaz beteta dator, eta gainera nazioarteko bihurtuko da.
Donostiako Zinemaldiaren kolaborazioari esker, bi film labur egongo dira ikusgai martxoaren 16an goizeko 9:30etatik aurrera Aretxabaletako Arkupe aretoan: Nueva Vida (2015, Kiro Russo) eta Volando voy (2015, Isabel Lamberti). Bi filmak 2015eko Donostiako Zinemaldian sarituak izan ziren XIV. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan. Nueva vida film laburrak film labur berritzaileenari Orona saria eta beste lau jaso zituen gure taldekide batzuk epaimahaikide zirela. Volando Voy film laburrak berriz, Torino Award saria.
Nueva vida (2015) film laburreko zuzendari den Kiro Russo Universidad del Cineko (Argentina) ikaslea da. Film laburrak, bizitza berri baten misterioak, estutasunak eta ametsak kontatuko dizkigu.

