Badaukagu aurtengo jaialdiko kartela

Bi aste gelditzen dira Huhezinema jaialdiaren 9.ediziorako. Jo eta ke ari dira lanean Iban del Campo irakaslea nahiz IKO 4.mailako ikasleak. Horietako batek egin du, hain zuzen, aurtengo kartela, Elena Canasek. Huhezinemako komunikazio taldekoak berarekin egon gara.

Imprimir

Nola bururatu zitzaizun Zinemaren Zirrara leloa?

Huhezineman dihardugun ikaskideen artean brainstorming bat egin genuen. Zinemaren zi horrekin jolastu nahi genuen. Zirrara iruditu zitzaigun Huhezinemak igortzen diguna azaltzeko hitz egokiena. Izan ere, guk zinemaren zirrara bizi eta sentitzen dugu.

Zer transmititu nahi zenuen kartelarekin? Zer zeneukan buruan?

Ikusleak Huhezinema jaialdian zehar pantaila aurrean sentitzen duen zirrara hori aurpegian irudikatu nahi genuen. Zinean dena aurpegiarekin adierazten dugula iruditzen zaigu eta hori erakustea zen gure helburua. Horrez gain, koloreei dagokionez, Huhezinemaren kolore nagusia mantendu dugu. Logoa laranja kolorekoa da eta berau erabiltzea pentsatu genuen.

Gustora gelditu al zara emaitzarekin?

Erantzun positiboak jaso ditut bai irakasleen eta baita ikasleen aldetik. Horrek asko motibatu nau. Ikusleei ere gustatzea espero dut.

Zer espero duzu aurtengo Huhezinemako edizioarekin?

Taldea ilusio handiarekin ikusten dut. Zine jaialdi bat antolatzen dugun lehen aldia da eta gogotsu ari gara lanean. Ikusleak nahiz antolatzaileak ondo pasatzea izango litzateke nire nahia.

Esan moduan, 14 egun gelditzen dira aurtengo Huhezinemarako. Martxoaren 16an, 17an eta 18an izango da Aretxabaletako Arkupe aretoan. Anima zaitezte zinemaren zirrara sentitzera!