Azken eguna Lehiaketa Ofizialean parte hartzeko

Egun bat besterik ez da falta Huhezinemako Lehiaketa Ofizialean film laburrak aurkezteko epea amaitu dadin. Seigarren edizio honetako deialdia bihar, martxoaren 1a ostirala, itxiko dugu eta beranduago heltzen diren lanak ez ditugu onartuko. Edonola ere, azken ordurako utzi duzuenok garaiz zabiltzate, aurtengo sari ikaragarrien lehian sartzeko aukera baituzue oraindik. Guztira, 3.000 euro bideratuko ditugu film labur onenak saritzeko:

  • Goiena saria (*): 1.500 €
  • Huhezinema saria (**): 1.000 €
  • Ikusleen saria: 500 €

(*) Goiena saria euskarazko film onenak jasoko du, epaimahaiak hala erabakita.

(**) Huhezinema saria beste hizkuntza batean eginiko film onenak edo euskaraz egindako bigarren lan onenak jasoko du.

Parte hartzeko baldintzak:

  • Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) erroldatuta egotea.
  • Film laburrak 30 minutuko muga ez gainditzea.
  • 2012ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztutako lanak izatea. Halaber, ez dira onartuko aurrez lehiaketa honetan aurkeztutako lanak.

Gogoratu bidalketa bi erata egin daitekeela:

  • Online: Movibeta plataformaren webgunean erregistratu ondoren, film laburraren artxiboa eta berari dagokion materiala (fitxa teknikoa, kartela, fotogramak…) igo daiteke.
  • Ohiko posta sistemaren bitartez: “Bedarreta auzoa, Otalora Kalea 31, 20550 Aretxabaleta” helbidera bidalita DVD formatuan.