Joan den edizioan baino diru gehiago banatuko ditu Huhezinema Jaialdiak 2013ko apirilean Aretxabaletan ospatuko den seigarren edizioan. Orotara, 4.000 € bideratuko dira film labur onenak saritzeko. Hala, lehiaketa ofizialean zein MUko ikasleen lehiaketan lanak bidaltzeko epea irekita dago jada, eta bi lehiaketetan parte hartzeko oinarriak gure webgunean kontsultatu ditzakezue. Kontuan izan lehiaketa ofizialean parte hartzeko lanak martxoaren 1a baino lehen bidali behar direla eta MU ikasleen lehiaketarako lanen epea, berriz, martxoaren 8an amaituko da.
Aurtengo ikasleen lehiaketa, gainera, sari berri batekin dator. Izan ere, Basque Culinary Center-en lankidetzari esker, sari berezia emango dugu 2013an euskal gastronomia hobetoen islatzen duen lanarentzat.
