AURTEN HUHEZINEMA GEHIAGO DA!

Egun pare bat falta dira Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 12. edizioa hasteko. Zinemaz eta ekitaldi anitzez osatutako lau egun izango dira: apirilaren 2tik 5era. Jaialdia Aretxabaletako Arkupe aretoan eta Aretxabaletako Huheziko fakultatean egingo da eta Huhezinemak ikasle, zinemazale, zinemagile zein herritar oro gonbidatzen ditu jaialdia gozatzera. Aurten 44 film labur eta, luzemetrai bat izango dugu

Lehenengo aldiz jaialdia lau egunetan zehar ospatuko da. Egutegi aldaketa horrek badauka arrazoi nagusi bat, izan ere, aurten, sail berri bat gehituko zaio egitarauari. Martxan! deituriko atal berria, unibertsitateko ikasleei zuzenduta dagoena.

Ikasleen eta sektoreko profesionalen arteko harremanak indartzeko, tutoretza formatuko bilera pertsonalizatuak eskainiko dira proiekturen bat martxan daukaten ikasleentzat. Bertan, haien proiektuen inguruko zalantzak zein galderak partekatu ahalko dituzte, profesionalen aholkularitza jasoz. Tutoretzen ondoren, profesionalek masterclass-ak eskainiko dituzte unibertsitateko ikasleentzat.

Bi egunez ospatuko da atala eta egun bakoitza zinemaren arlo ezberdin bati zuzenduta egongo da. Lehenengo egunean, ekoizpena eta gidoigintza landuko dira eta bigarrenean aldiz, banaketa. Eta aurtengo egitaraua borobiltzeko ekitaldi ikusgarri bat: Bacon FX. Pertsonaiak gorpuzteko behar-beharrezkoak diren elementuak izango dira aurtengo kaleko ekitaldiaren ardatza: protesiak, makillajea, arropak… Efektu berezietan aritzen diren adituak etorriko dira Huhezinemako bigarren egunean, eta protesiak nola egiten diren eta pertsonaiak fisikoki nola sortzen diren erakutsiko digute.

2019ko antolatzaileak eta babesleak

12. edizio honetan; eta urtero bezala, talde antolatzaile berria izango da. Oraingo honetan, 16 ikasle ibiliko dira jaialdiaren antolakuntzan Iban Del Campo irakaslearen gidaritzapean. Aurtengo edizioan ikasle hauek arituko dira lanean: Leire Zarate, Irati Vergara, Haizea Azpilikueta, Eneko Zuberogoitia, Ane Zuazubiskar, Julen Yusta, Irati Gonzalez, Pablo Oteiza, Asier Ugarte, Andoni Marquinez, Gari Suarez, Unai Portilla, Malen Iruretagoiena, Egoitz D. Ibargoitia, Irati Briñas eta Itsaso Garmendia.

Beste urtez, edizio hau posible egiteko, erakunde publiko eta pribatuen ekarpena izan du jaialdiak; sari erakargarriagoak banatu eta ekintza gehiago antolatu ahal izateko (aurten 5000 euro baino gehiago banatuko dira saritan). Babesle nagusiak Aretxabaletako Udala eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila dira. Kolaboratzaileak: Mundukide, Ogeita4, Goiena, Ausolan eta Danobat. Eta, azkenik, laguntzaileen artean daude: Zinea, Jakion, Berria, Jausoro Ostatua, Hazi, Bedarreta, Arrasate Hotela, Gaztezulo eta Inprenta.eus

Epaimahaia

Urtero, zineman dabiltzan profesional euskaldunak ekartzen saiatzen gara gure jaialdiko epaimahai ofiziala osa dezaten eta aurtengoan Iratxe Fresneda, Natxo Rodriguez eta Izaskun Arandia izango ditugu gurean. Lau egunetan zehar (apirilaren 2,3,4 eta 5) ekimen ezberdinak antolatu dira. Egitarau eta eskuorri osoa duzue mezu honekin batera. Sari banaketa ekitaldia apirilaren 5ean egingo dugu, Aretxabaletako Arkupe aretoan.