Hitzordua 13:00ean izango da, doakoa, eta Asier Urbieta zuzendari donostiarrak hitzaldia eskainiko du.
Mundukide fundazioak Mundukide Sariaren aurkezpena egingo du asteazken honetan, abenduaren 13an, Huhezinema film laburren jaialdiarekin bat egin eta hurrengo edizioa babestuko duelako.
Ekitaldia Mondragon Unibertsitateko Aretxabaletako kanpuseko areto nagusian izango da, 13:00etatik 14:00tara. Sarrera doakoa izango da, eta edonorentzat irekia.
Mundukideko arduradunek sariaren nondik norakoak ezagutaraziko dituzte. Mundukide sariak, Huhezinema jaialdian aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena sarituko du. Jaialdiko epaimahai ofizialak emango du saria, bertan Mundukideko ordezkari bat parte hartzaile izango delarik.
Asteazkenean, Asier Urbieta zuzendari donostiarraren laguntza izango dute eta honek adibide modura film labur batzuk komentatu eta proiektatuko ditu sari berriaren adibide gisa. Horien artean; Urbietaren “Pim, Pam, Pun”, 2009ko Huhezineman saritua izan zena.
Animatu eta gerturatu asteazkenean!