Huhezinema Goiena Telebistan (Bosgarren atala)

Huhezinemaren seigarren edizioan berrikuntza bezala Goiena Telebistak Huhezinema 2013 saioa ekoiztu zuen. Huhezi fakultateko (MU) Ikus-entzunezko komunikazioko lau ikaslek praktikak egin zituzten Goienan jaialdiari eskainitako zortzi ekoizpen hauek burutuz. Ruben Cuesta, Ander Larrañaga, Lander Diego eta Jone Albeniz ikasleek ekoiztutako saioak Ikasleen Lehiaketan aurkeztutako filmak izan zituzten mintzagai. Astero film labur bakoitzaren egileei elkarrizketak egin zizkieten, film laburren aurkezpen gisa.

Bosgarren saioan “Lumak” film laburra izan zuten hizpide, Eli Agirre, Miren Ormazabal, Maialen Regueiro, Ainhoa Zabarte eta Ariane Irazustata ikasleen lana. Film labur honetan Ertzainak amona bat atxilotuko du ondoko baserriko oiloa lapurtzeagatik…

Egileei egindako elkarrizketan azaltzen dute oilo bat zuzentzeko bizitako komeriak. Badakizue, Alfred Hitchcock-ek zioen errodajean umeak eta animaliak ez zirela sartu behar, baina salbuespenak egon badaude.