
Anekdotak, gomendioak, barre algarak, inspirazio gisa erabilitako argazki zein bideo mordoa, email irakurketak fikziozko pertsonaiekin… Askorako eman zuen Fermin Muguruzak eta Arrate Rodriguezek atzo arratsaldean Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean eskainitako hitzaldiak. “Zuloak” dokumentala abiapuntu gisa hartuta eta bere sormen prozesua biluzteko asmoarekin, berbaldi ezohiko eta originala prestatu zuten espreski Huhezinemarako. Eta nola ez, izugarrizko arrakasta lortu zuen jendartean, egunero ikusten ez den ikuskizun horietakoa izan baitzen.
Bi sortzaileen errealitatera hurbiltzeko aukera paregabea izan zen atzokoa, duela 2 urte ezagutu zirenean email bidez izan zituzten elkarrizketak berreskuratu baitzituzten ikusleen intereserako. Beraien harremanean sortutako gorabeherak eta posta elektronikoen trukaketak “Zuloak” dokumentala sortzeko ideia nondik eta nola eratu zen jakitea ahalbidetu zuten, solasaldi polita, guztiz ezberdina eta eramangarria izanik.
Arratsaldeko 19:30ak arte iraun zuen emanaldian Muguruza eta Rodriguezen bizitza pertsonalean sartu irtenak egiteaz gain, bi urteko prozesu guztian zehar aurkitutako oztopoak eta ikasitakoak izan zituzten hizpide. Hala, ikus-entzunezkoen arloan murgilduta dabiltzan profesional zein ikasleei aurrera egiteko jarraibideak eman zizkieten, dokumental faltsuen eta medio pobreekin egindako produktuen aldeko jarrera erakutsiz. “Fake-ak ugaritu egin dira azkenaldian, kalitate txarreko irudiak erabiltzeko aproposak eta ekonomikoki bideragarriak direlako. Gainera, formatuen nahasketa ahalbidetzen dute, lotsarik gabe pelikulak egiteko aukera emanez”, azaldu zuen Arrate Rodriguezek.
Zentzu horretan, Muguruzak ikus-entzunezko produktu horien edukiari eman zion berebiziko garrantzia, Euskal zinemagintzan horrelako gutxi egin diren arren orain arte. “Berdin du istorioak asmatutakoak izatea, ikusleari iruzur egitea edo kalitaterik gabeko irudiez hornitua egotea (pixelak, granoa, kameraren mugimendu zakarrak). Garrantzitsuena dokumentua bera mamitsua eta interesgarria izatea da”, goraipatu zuen. Halaber, edozein proiektu aurrera eramateko dokumentazio egokia, konplizitate sareak sortzea eta partaideen arteko elkartrukea ezinbestekoak direla goraipatu zuen Ferminek.
Hona hemen, bi sortzaileek mintegian zehar utzitako beste aipu batzuk:
“Benetakoaren eta fikzioaren arteko muga oso labankorra da, eta guk erdibidekoaren aldeko hautua egin dugu, dokumentala faltsutuz“
“Polemika sortu nahi genuen eta lortu dugu”
“Teoria eta praxia nahasteko aukera ona da Huhezinema”