
Hasi da atzera kontua, astebete baino gutxiago falta da. Bi urteko pandemia eta online formatuaren ondoren, prest dago aurtengo egitaraua: tailerrak, masterclassak, filmak, kontzertuak eta abarrekin zuzenean Aretxabaletan gozatzeko aukera.
Datorren asteazkenean hasiko da Huhezinemaren 15.edizioa. Musika oinarri hartu dugu aurtengoan eta horrekin lotuta aurtengo berrikuntza nagusia bideoklip saila eta soinu onenaren bi sari berri izango dira, baina, horrez gain beste hainbat ekintza ere izango dira.
Lanak proiektatu eta saritzeaz gain Huhezinemak beste hainbat aukera ere emango ditu, masterclassak, entretenimendua… Hori horrela, hau da aurtengo egitaraua:
Lehen egunean, martxoaren 30ean 10.00etatik 13:00etara ikasle ohien eskutik masterclass/topaketa bat izango dugu, unibertsitatetik ateratzerakoan egin dituzten ikus-entzunezko lanen eta egiten ari diren ibilbide profesionalaren inguruan hitz egiteko. Topaketa horretara bost ikasle ohi etorriko dira: Asier Rekalde, Mikel Alvarez, Egoitz Ibargoitia, Julen Higuera eta Itxaso Frau. Arratsaldean, 15:00etatik 15:30etara, Nor ari da grabatzen? laburraren premierra izango da, Gerardo Tomé, Alba González, Aitzol Zubizarreta, Amaia Bargallo eta Xabier Martín ikasle ohiek eta Iban del Campok zuzendutako film laburra. Jarraian, 18:00ak arte Bacon SFX enpresaren, El Hoyo filmagatik Goya saria irabazi dutenen, eskutik efektu espezialen eta karakterizazioaren inguruko tailerra egingo dugu herriko plazan, herritarrentzat aukera polita izan daiteke zine munduan sartzeko. Azkenik, egunari amaiera emateko trikipoteoa egingo dugu Aretxabaletako kaleetan zehar.
Bigarren egunean, martxoaren 31n, goizean 11:00etatik 13:00etara Aranzazu Callejak, El Hoyo eta Akelarre filmetako soinu banden sortzaileak, masterclass bat emango du soinu banden sorkuntza eta soinu diseinuaren inguruan. Eguerdian, 15:00etatik 17:30etara MU saileko filmak proiektatuko dira, tartean atseden bat hartuz. Jarraian, aurkeztutako bideoklipetatik hautatutakoak proiektatuko dira, 17:45etatik 19:15etara.
Azkeneko egunean, apirilaren 1ean, sail ofiziala izango dugu 15:00etatik 18:30etara, tartean atseden bat eginez, eta film guztien ordezkariak egongo dira Zaraia Aretoan euren filmak aurkezten eta sariak egunean bertan jakinaraziko dira. Ondoren, 19:00etatik 20:00etara sari banaketa egingo dugu, jarraian, 20:00etatik 21:30etara luncha eta jaialdiari amaiera emateko 21:30etan kontzertua izango da.
Aukera guzti hauen artean, proiekzioak, sari banaketa eta masterclassak Arkupeko Zaraia aretoan izango dira eta trikipoteoa, tailerra eta kontzertua Herriko plazan izango dira eta erabat doakoak dira, herriak parte hartzeko.
Aukera asko izango dira: filmak, bideoklipak, masterclassak eta entretenimendua besteak beste. Martxoaren 30etik apirilaren 1era Aretxabaletan izango gara, animatu!