HUHEZINEMA 19: KRONIKA Urtarrilak 22.

Goiza: Teknologia berriak eta gizarte konpromisoa IDEIENEAN

Goizeko saioak IDEIENEAN burutu ditugu gaurkoan ere, Aretxabaletako campusean kokatutako berrikuntza eta sormen gunean. Podcast Gelarekin hasi dugu eguna, eta gonbidatuen artean izan ditugu Danel Ezpeleta (bideoklip egilea), Imanol Gurrutxaga (bideoklip egilea) eta Unai Cantabrana (musikaria). Bideoklipen sormen prozesua izan dute hizpide.

Ondoren, jaialdiak bere alde konprometituena erakutsi du Mundukideren eskutik antolatutako hausnarketa proiekzioarekin. Thank You for the Rain filmaren proiekzioa eta hausnarketa solasaldia izan dugu Beñat Arzadun Mundukide Fundazioko kidearekin. Gaurkoan ere goizari amaiera eman diogu Dolby Atmos soinu espazial esperientziarekin.

Arratsaldea: Bideoklipak eta zuzeneko doinuak Arkupe aretoan

Arratsaldean, berriro ere Arkupe aretora itzulita, Arriguri kolektiboko Xabier Fernanen eskutik masterclass bikaina eta aberasgarria izan genuen bideoklipen sorkuntzaren inguruan. Arriguriko kideak irudiaren eta musikaren arteko sinergia estetikoa eta teknikoa aztertu du zehatz-mehatz. Ikasleek arreta handiz jarraitu dituzte azalpenak, produkzio moderno baten atzean dagoen ezkutuko lan zehatz horretaz asko ikasiz.

Ondoren, egunero urduritasun gehien sortzen duen unea iritsi da: Bideoklip Sailaren proiekzioa. Arkupe aretoa leporaino bete da gaurkoan ere, eta publikoaren berotasuna nabaria izan da lehen minututik. Egun emankor honi amaiera borobila eta gozoa emateko, Unai Cantabranaren kontzertua izan dugu eszenatokian, zinemaren eta musikaren arteko jaia borobilduz.

Ikusitako lanen xehetasunak komentatzeko, sormenaren inguruan hitz egiteko eta hurrengo egunetarako motorrak berotzeko aukera paregabea izan da. Bihar gehiago izango dugu. Jaialdiak ez du etenik eta gogo handiz itxarongo zaituztegu hurrengo saioetan, sormenaren eta zinemaren festak Aretxabaletako kaleetan eta aretoetan aurrera jarrai dezan.