Kalean dira 19. edizioko kartela, koloreak eta estetika berria. Zuri-beltzaren eta hiru koloretako begien arteko kontrastea izango da kartelaren oinarria, estilo minimalista eta profesional batekin.
Euskal Film Laburren jaialdiak 19. edizioa ospatuko du urtarrilaren 21, 22 eta 23an, eta ikasle talde berri batek antolaturiko jaialdia izanik, iruditeria ezberdina da urtero.
Aurtengo taldeak zuri-beltza jarri du kartelaren oinarrian, begi gorri, arros eta urdin bat kontzeptu orokor moduan erabiliz. HUHEZINEMAren 19.edizioak hiru begi, hiru kolore, hiru egun eta hiru sail izango baititu. Kartelaren helburua HUHEZINEMA bere osotasunean azaltzea da, eta urtero Aretxabaetan ospatzen den jaialdia, begi askotatik eta kolore askotatik ikusi daitekeela transmititzea. Urtero gurera datozen egileen begirada aniztasuna ere jaso nahi izan du aurtengo diseinuak.
HUHEZINEMAren izena eta kartela ikusterakoan ezaguna egin dadin, azken bi urteetako joera jarraitu da eta leku eta modu berean jarri da izenburua. Hala ere, tipografia desberdin batekin ukitu profesionalago bat eman nahi izan zaio. Ondoren, hiru begi, hiru kolore, hiru egun eta hiru sail islatzen dituzten begiak, HUHEZINEMAren ikur diren begiak. Baina aurten, eskuz marraztuak; ikasleok, guk geuk, beste ikasle eta herritarrentzat antolatutako jaialdia baita.
Proposamen honek, beraz, azken urteetan eraikitako identitate bisualari jarraipena ematen dio, sustraiak mantenduz baina elementu berritzaileeak gehituz.
