Bai, bai, bai! Jaialdirako bi aste eskas geratzen diren honetan, heldu da garaia aurkezteko zeintzuk izango diren Huhezinemako aurkezleak. Ezeren aurretik, antolakuntzak eskerrak eman nahi dizkie prestutasuna erakutsi duten pertsona guztiei. Ikasle ugarik egin zuten aurkezle moduan aritzeko kastinga, eskerrik asko deneri. Gainontzeko bi sailetako aurkezleak ere prest agertu ziren lehenengotik, eta lan-taldea gustora dago aukeraketarekin.
Ana Goitia (Lekeitio, 1981):

Kazetaria eta telebistako aurkezlea da, baita umore munduan aritua, bakarlari moduan, eta moda munduan ere, bloglari gisa. Ikasketei dagokionez, kazetaritzan lizentziatua da, Euskal Herriko Unibertsitatean.
Ibilbide profesional osoari dagokionez, 2002 urtetik jardun du telebistan, EITBn. Aurkezle lanak egin izan ditu, baina agian ezagunagoa da kolaboratzaile gisa. Erredaktore eta erreportailari lanak ere egin izan ditu. Beraz, alde batetik bestera ibili den pertsona izan da, eta orain ere ez dago geldirik, martxan dituen gainontzeko proiektuekin uztartuz, Huhezinemako Sail Ofizialeko aurkezle izatea onartu du.
Jon Castañeda (Zornotza, 2001):

Kazetaritzan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta gradua bukatu geroztik sektorean aritu da lanean: Baleuko ekoiztetxe eta banatzailean lehenengo eta New Digital Median ondoren. EITBn ere aritu da, hainbat saioetako kolaboratzaile moduan. Irratia ikaragarri gustatzen zaio, eta esperientzia du Bilbo Hiria irratian, Gaztea Irratian edo Bizkaia Irratian.
Lan-taldeak Bideoklip Sailaren aurkezle izateko ezinhobea dela uste du, izan ere, lotura zuzena du musikarekin. Akerbeltz Erromeriaren abeslaria da, DJa ere bai, eta Ztanda saioan aritu da duela gutxi lehiakide moduan.
Xuban Garmendia eta Oier Gastesi (Bilabona eta Tolosa, 2005):


Aurreko edizioen moduan, ikasleak izango dira Ikasle Sailaren aurkezleak. Aurten, Tolosaldeako bi gazte izan dira kastinga egin ondoren aukeratuak. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasten ari dira biak, bigarren mailan hain zuzen. Baina, lehenagotik ere ezagutzen dira elkar, batxilergoa ere batera egin zuten.
Haien esanetan, telebista eta irratia oso gustoko duten pertsonak dira, baita kamera aurrean jardutea ere, eta elkar ondo ulertzen dira. Unibertsitatetik kanpo ere bestelako ekintza sozialetan inplikatzen diren pertsona moduan identifikatzen dira: Xuban aisialdi talde batean eta Oier txaranga batean eta dantza talde batean.
Erronka polita eta aukera bikaina dela iruditzen zaie Huhezineman aurkezle-lanetan aritzea, eta antolakuntzak ere begi onez hartu du.