XVIII. EDIZIOKO EPAIMAHAIA PREST!

Huhezinemako XVIII. edizioko epaimahaikideak konfirmatuta daude jada. Oraindik ez dira finalean izango diren lanak komunikatu, baina laster iritsiko da une hori. Hurrengo pertsona hauek erabakiko dituzte finalisten artean nortzuk izango diren irabazleak. Hain zuzen, Sail Ofizialeko, Ikasle Saileko eta Bideoklip Saileko irabazleak emango dituzte. Horretaz gain, sari berezien aukeraketan ere esku hartzea izango dute, kasu bakoitzean, kolaboratzaile izango diren elkarteekin elkarlanean (Mundukide, HAZI eta Berria).

AITOR OÑEDERRA

Arte Ederretan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, Sicue/Seneca programaren bidez. 2008an Animadeba Debako Animazio Zinemaldia sortu zuen, eta bertako zuzendaria ere bada. 

2009tik ikus-entzunezko sortzaile eta ilustratzaile lanetan ari da, efektu bisualen eta post-produkzioaren kurtsoa egin ostean. Gainera, 2014an, telebistarekin eta zinemarekin loturiko masterra egin zuen Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Orain, arte eszeniko, zinematografiko eta musikaletarako animazioen sortzaile gisa deskribatzen du bere burua.

MAITANE CARBALLO 

Soinuaren espezialista da, baita film-muntatzailea eta film-zuzendaria ere. Gainera, soinu eta muntai irakaslea da Bilboko Zine Eskolan (ECCBI). 2013an ikus-entzunezkoen eta ikuskizunen errealizazioko goi-mailako zikloa egin zuen Gasteizko Mendizabala BHI zentroan. 2015ean amaitu zuen Soinu Muntaketa eta Postprodukzio masterra, Euskal Herriko Zinema Eskolan.

Geroztik, pelikula ugaritan hartu du parte, soinugile eta edizio lanetan bereziki. Nabarmentzekoa da 2021eko Goya Sarien 35. edizoan soinu onenaren hautagaitza jaso izana, Bi urte, lau hilabete eta egun bat filmagatik.

KATTI POCHELU

Gastibeltza Filmak ekoiztetxeko langileetako bat da, eta hark ekoitzi zuen iazko Huhezinema irabazi zuen film laburra: Ximinoa. 2018an sortu zuten Gastibeltza produktora, euskal zinema ekoizteko eta banatzeko helburuarekin. Orain arteko proiektuak aurrera eramateko, ekoiztetxeak, garrantzia berezia eman dio Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko loturari.