HUHEZINEMA 18: IRUDITERIA KALEAN DA!

Kalean dira 18. edizioko kartela, koloreak eta estetika berria. Zuri-beltzaren eta kolore bizien arteko kontrastea izango da kartelaren oinarria, garai bateko emakume zinegilea delarik protagonista.

2025eko Huhezinemaren iruditeria kalean da. Euskal Film Laburren jaialdiak 18. edizioa ospatuko du urtarrilaren 22, 23 eta 24an. Ikasle talde berri batek antolaturiko jaialdia izanik, iruditeria ezberdina da urtero, eta ikusmina egon ohi da. 

Aurtengo taldeak zuri-beltza jarri du kartelaren oinarrian, eta garai bateko emakume zinegilea jarri du protagonista, figura hori goraipatzeko intentzioarekin. Iragana ordezkatzen duen zuri-beltzaren gainean tonu koloretsuak daude: horia, urdina, gorria eta laranja. Kolore horiek izango dira 18. edizioko iruditeriaren identitatea.

Iragana oinarri, ideia berriak proiektatuz

Asko izan dira lan-taldeak izan dituen ideiak, baita buruhausteak ere. Azkeneko bertsioa diseinatzen hasterako orduan, argi zeuden hainbat ezaugarri: estetika zaharra, zuri-beltza, argazki zahar bat, emakume zinegile bat, eta guztiaren gainetik joango zen kolore paleta koloretsua. 

Lanaren azken emaitza, hainbat ikaskideen proposamenen fusioa izan da. Garai bateko emakume zinegilea da protagonista, zuri-beltzean eta kamera handi bat duela. Emakumeari burutik ateratzen zaizkio tentakulu antzeko batzuk, koloretsuak. Horiek ideiak errepresentatzen dituzte, eta ideia horiek jaialdiko izenaren letren artean zeharkatzen dira.

Beraz, taldeak garaiko emakume zinegileari (baita egungoari ere) keinua egin nahi izan dio. Eta horrela, emakumeek zineman jasandako zentsura salatu eta figura hori presente eduki. Kolorerik gabeko garai horiek koloretsu bihurtu nahi izan dituzte ikaskideek, iragana oinarri izanik, oraina eta geroa proiektatzeko.