HUHEZINEMA 18: JASOTAKO LANEN EZAUGARRIAK

Itxi zen jada Huhezinema Euskal Film laburren jaialdira lanak bidaltzeko epea. Guztira, 94 lan jaso ditugu. Zorionak eta eskerrik asko izen eman duzuen guztioi, berri honetan xehatuko ditugu lan horien ezaugarriak.

Lan guztien erdia baino gehiago Sail Ofizialean aurkeztu dira, guztira 49 lan. Horrez gain, ikasleak ere animatu dira haien lanak eta proiektuak bidaltzera, lan guztien %21a Ikasleen Sailean aurkezturikoak izanik. Azkenik, asko izan dira ere jaso ditugun bideoklipak, hain zuzen 25 proiektu, jaso ditugun lan guztien laurdena baino gehiago.

Jaialdiak ikus-entzunezko ugari izango dituen heinean, zuzendari ezberdinak ere bilduko ditu. Generoari erreparatuz, izena eman duten zuzendarien %43 emakumeak dira, eta gizonezkoak %57. Oso berri ona da hau Huhezinemaren antolatzaileontzat, tradizionalki gizonez nagusitutako sektore honetan emakumeek ere presentzia handia izango dutelako gurean.

Zuzendarien jaioterri edo bizitokiari dagokionez, jaialdiko irizpideek derrigortuta, Euskal Herrian jaio edo bizi dira denak. Gipuzkoarrak eta Bizkaitarrak dira gehienak, %41 eta %38 hurrenez hurren. Arabarrak guztien %14 dira, Nafarrak %6. Ipar Euskal Herrikoak berriz %1.

Film labur eta bideoklipen hizkuntzaren inguruan ere datu pozgarriak jaso ditugu, lan guztien %61 euskaraz baitira. Gazteleraz ere lan ugari daude, 32 hain zuzen, edo beste era batera esanda: guztien %30. Azkenik, agerian geratu da Euskal Herrian jaio edo bizi izateak ez duela mugatzen aurkeztutako lanen hizkuntza. Aurkeztutako guztien %5 ingelesez dira, eta geratzen den %4 beste hizkuntza batean: valentzieraz edo arabieraz adibidez.

Beraz, zaila izango da aukeratzea zeintzuk izango diren guztien artean jaialdian proiektatuko direnak. Aurten, jasotako lan kopurua handia izan da, eta kalitate altukoa. Eskerrik asko Huhezinema nahi dugun bikaintasunera gerturatzea posible egin duzuenoi. Laster berri gehiago!