18. EDIZIOKO SARI BEREZIAK: MUNDUKIDE, HAZI ETA BERRIA SARIAK

Jarriak gara 2025eko Huhezinemari begira. Jaialdia urtarrilaren 22tik 24ra izanik, antolatzaileok begi bistan dugu dagoeneko, eta berezia izango den 18. edizio honetan, sari bereziak ere izango ditugu: Mundukide, HAZI eta Berria Sariak. Web orrian jada sortu dugu sari horien xehetasun guztiak biltzen dituen atala.

Labur esanda, sari hauek emateko, epaimahaiak ez du kontuan hartuko lana zer sailetan aurkezten den. Besterik gabe, film labur guztiak bilduko dira, eta horien artean, sarituak izango dira elkarte kolaboratzaileek jarritako irizpideak eta baloreak hobekien ordezkatzen dituzten lanak:

  • Mundukide Saria: 700€ jasoko ditu gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituen lan onenak.
  • HAZI Saria: 600€ eta Euskal produktuen otarra jasoko du basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hobekien islatzen duen lanak.
  • Berria Saria: 350€ eta sei hilabeteko harpidetza doan jasoko du emakumearen presentzia hobekien islatzen duen lanak: emakume zuzendari batek eginikoa denak edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duenak. Beti ere, euskaraz bada.

Horrez gain, sailei erreparatuz, azken urtetako egitura mantenduko dugu, hiru sailetan banaturik: Sail Ofiziala, Ikasleen Saila eta Bideoklip Saila.

Sail Ofizialean irabazleak 650€ jasoko ditu, eta finalista bakoitzak 150€. Aurten, hamar izango dira gehienez finalera iritsiko diren lanak. Ikasle Sailean, ikasle-film onenak 300€ jasoko ditu, eta Mondragon Unibertsitateko lan onenak 200€. Bideoklip Sailean, azkenik, 300€ emango zaizkio lan onenari. Gainera, ikusleen iritzia kontuan hartzen dugula bermatzeko, 100€ emango dizkiegu sail bakoitzean ikus-entzuleen bozka gehien jaso dituzten lanei. 

Beraz, babesle eta kolaboratzaileak guztiz itxita eduki ez arren, aurreikusten dugu guztira 5.000€ inguru banatzea. 3.250€ sailetako sarietan eta 2.000€-ko balioa duten sariak (gutxi gorabehera) Sari Berezietan. Beraz, sarietara bideratuko dugu gure diru-sarreren kopuru handiena.

Sariak potoloak dira, baina jaialdiarekiko artisten erantzuna ere zabala izan delako. Momentuz, lanak bidaltzeko epea bukatu berri den honetan, esan dezakegu izen-ematea arrakastatsua izan dela. Zorionak beraz! Eta mila esker urtez urte Huhezinemaren parte zareten guztioi! 

Aurrerantzean jaialdiari buruz gehiago jakiteko, jarraitu gure komunikazio kanalak!