SARI BEREZIAK 2025

Aurten lehenengoz, Sari Bereziak kategoria sortu dugu web orrian. Ikasle Sailaz, Sail Ofizialaz eta Bideoklip Sailaz gain, beste hiru sari egongo dira gure kolaboratzaileek ezarritako irizpideen arabera. Mundukide, HAZI eta Berria izango dira 18. edizio honetan gure kolaboratzaileak, eta ondorengo hauek dira haien saria irabazteko jarri dituzten oinarriak:

MUNDUKIDE SARIA 2025 – OINARRIAK: 

Urtero bezala, aurten ere Mundukide Saria izango dugu Huhezineman. Sari honek, Huhezinemara aurkeztutako film laburren artean, gaur egun munduan dugun lekuaz hausnartzera gonbidatzen gaituztenetan onena sarituko du.

Mundukideren lana munduan elkarrekin bizi garen pertsona guztiekiko elkartasunetik abiatzen da. Hori da behar handiagoa dutenekin elkarlanean aritzeko bulkadaren jatorria. Baina guztiontzako giza eskubideak hezur haragitze aldera, beste leku batzuetan egiten dugunaz gain, hemen egiten dugunak ere garrantzia bizia du.

Euskaldun eta europar gisa, munduko zortzi mila milioi pertsonen artean zer leku dugu guk? Aberastasuna, boterea, ekonomia, kultura, burujabetza edo eta karbono isuriak eta klima aldaketari dagokionean, zer egiten dugu? Zer ez dugu egiten? Egiten dugunak eta ez dugunak zer eragin du munduko beste biztanleengan? Nola egiten diogu mesede edo kalte guztiontzako giza eskubideak gauzatzeari?  

Begirada mundu zabalera jasotzen hobekien laguntzen digun film laburrak 700€-ko saria izango du. Mundukide Saria bakarra emango da.

HAZI SARIA 2025 – OINARRIAK: 

Bigarren urtez, HAZI Saria izango dugu Huhezineman. Sari honek, Huhezinemara aurkeztutako film laburren artean, basogintza, landa eta itsasertzeko ingurunea eta bertan gertatzen ari den belaunaldi aldaketa hobekien islatzen duen lana sarituko du.

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren HAZI enpresa publikoak eta Huhezinemak bat egin dugu bigarren urtez HAZI saria sustatzeko. Lankidetza honen helburua da HAZIrekin zerikusia duten egitekoak sustatzea eta ezagutaraztea, hau da: ekintzailetasuna, landa eta itsasertzeko ingurunearen garapen jasangarria, elikadura, basogintza… Era berean, elkarteak azpimarratu nahi du sektorean gertatzen ari den belaunaldi aldaketa eta horrek dakarren aberastasuna. Gauzak horrela, HAZI saria jasoko du printzipio horiek hobekien islatzen dituen film laburrak.

Sariaren irabazleak 600 euro jasoko ditu Eusko Label produktuen saski batekin batera, urtarrilaren 24an egingo den Huhezinema jaialdiaren sari banaketa ekitaldian. HAZIko ordezkari batek emango du saria Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. HAZI Saria bakarra emango da.

BERRIA SARIA 2025 – OINARRIAK: 

Aurten Berria Saria izango dugu Huhezineman. Sari honek, Huhezinemara aurkeztutako film laburren artean, emakumearen presentzia hobekien islatzen duen lana sarituko du. Emakume zuzendari batek eginikoa dena edo emakumearen papera eta berdintasuna bultzatzen duena. Beti ere, euskaraz.

Berria Sariak, beraz, euskarazko ikus-entzunezko lanak sarituz, euskal kultura eta hizkuntza sustatzea du helburu, eta aldi berean, feminismoa eta ingurunearen zaintzarekin loturiko baloreak plazarazea.

Sariaren irabazleak 350 euro, sei hilabeteko harpidetza eta Berria produktuen sorta jasoko du, urtarrilaren 24an egingo den Huhezinema jaialdiaren sari banaketa ekitaldian. Berriako ordezkari batek emango du saria Aretxabaletako Arkupe kultur etxean. Berria Saria bakarra emango da.

SARI BEREZIETARAKO OINARRIAK: 

  1. Parte hartuko duten lanak: Sail Ofizialera edo Ikasleen Sailera aurkeztu diren lanak izango dira sari hauek irabazteko hautagai. Horrenbestez, sari hauetarako hautagai diren film laburrek bete eta onartu beharko dituzte dagokien saileko oinarriak. 
  2. Lanak jasotzeko epea: 2024ko urriaren 17an irekiko da filmak jasotzeko epea, eta 2024ko azaroaren 17ra arte (23:59) irekita egongo da. Beranduago heltzen diren lanak ez dira onartuko.
  3. Sariak:
    • Mundukide Saria: 700€
    • HAZI Saria: 600€ eta Eusko Label produktuen saskia
    • Berria Saria: 350€, sei hilabeteko harpidetza eta Berria produktuen sorta
  4. Oharrak:
    • Lan batek sari bat baino gehiago jaso ahal izango ditu (Adibidez: Ikasle saila eta Mundukide Saria).
    • Sari Bereziak epaimahai ofizialak emango ditu, kolaboratzaile diren elkarteko kideekin elkarlanean.
  5. Jasotako lan guztien artean, Aukeraketa Batzordeak hautaketa bat egingo du, eta hautatutako lan horien artean, sari honen irabazlea Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko zineman proiektatuko da.
  6. Antolakuntza 2024ko abenduaren 19a baino lehenago harremanetan jarriko da jaialdian parte hartzeko hautatuak izan diren hautagaiekin.

IZEN-EMATEA

Film laburrak Huhezinema jaialdian aurkezteko bete izen-emate orria online eta bertan txertatu zure lana ikusteko Vimeo edo Youtube esteka eta beharrezko pasahitzak. Film laburra hautatua izanez gero, jaialdian proiektatzeko DCP kopia edo kalitate handiko artxibo digitala eskatuko da.

Sarituak egunean bertan jakinaraziko dira, beraz, eskertuko genuke hautatutako lanaren egileak sari-banaketan egotea (urtarrilaren 24an).

DATUEN BABESA

Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEAK, tratamenduaren arduradun bezala, jakinarazten du emandako datu pertsonalak HUHEZINEMA jaialdiko inskripzioa eta parte-hartzea kudeatzeko tratatuko direla. HUHEZINEMAn izena emateak lehiaketan parte hartzea dakar eta, beraz, irabazle suertatzen den lana antolakuntzaren komunikazio-tresnetan emitituko dela jakinarazten da. Datuak bildu ziren helburua betetzeko eta sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar-beharrezkoa den epean gordeko dira. Zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatu ditzakezu, baita beste eskubide batzuk erabili ere dpo.huhezi@mondragon.edu helbidean, datuak babesteko informazio gehigarriarekin batera www.mondragon.edu/eu/pribatutasun-politika helbidean azaltzen den bezala.

IRUDI ESKUBIDEAK HUHEZINEMA

HUHEZINEMA jaialdian parte hartzen duten egileak eta irabazleak baimena ematen dute ekitaldian ateratzen diren argazkiak eta bideoak publiko egiteko.

18. HUHEZINEMA ekitaldi nagusian, sarituak baimena ematen dute, bertan ateratzen diren argazki eta bideoak komunikabideetan zabaltzeko. Parte-hartzaile guztiek, aurrez aurreko jardueretan, beraien irudia sustapen-helburuetarako erabiltzea baimentzen dute.

Erakundeak ez du bere gain hartuko aurkeztutako lanek egile-eskubideen arloan izan ditzaketen arau-hausteen gaineko erantzukizunik. Era berean, egile-eskubidepean dagoen musikaren erabilera deskalifikatzeko arrazoitzat hartuko da.

Film laburraren zuzendariak (ekoizlea ere badela ulertzen da) konpromisoa hartzen du lehiaketarako obra ustiatzeko eskubide guztiak lortzeko, bai eta egileen (gidoilaria eta musikariak, egonez gero) eskubideak lagatzeko eta interpreteen irudi-eskubideak lagatzeko ere. Horrela, film laburraren gaineko eskubide guztien jabetza bermatzen da.

KONTAKTUA

Telefonoa: 943 71 31 40

E-maila: huhezinema@mondragon.edu