SAIL OFIZIALA 2026

Urtero bezala, Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiak Sail Ofizialeko deialdia zabaldu du. Hainbat sari banatuko dira sail honetan, beraz, parte hartzera animatzen zaituztegu.

HUHEZINEMA 2026 – SAIL OFIZIALAREN OINARRIAK

  1. Zuzendarien jatorria: Euskal Herrian (EAE, Nafarroa eta Iparraldea) jaioak edota Euskal Herrian bizi direnak (erroldatuta daudenak). Ziurtagiria aurkeztu beharko da: NAN, errolda ziurtagiria…
  2. Hizkuntza: Edozein hizkuntzatan egindako lanak onartuko dira. Finalista gisa hautatuak diren lanen kasuan, jatorrizko bertsioa euskaraz ez bada, euskarazko azpi idatziekin bidali beharko dira lanak proiekzioetarako.
  3. Lanaren ezaugarriak: Edozein generotako lanak (animazioa, fikzioa, dokumentala, zine esperimentala…) ongi etorriak izango dira. Iragarki eta bideo korporatiboak ez dira lehiaketaren sail honetan onartuko. Egile bakoitzak nahi beste lan aurkezteko aukera izango du.
  4. Iraupena: 30 minutu gehienez.
  5. Ekoizpen data: 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera ekoiztutako lanak izan beharko dira. Ez dira onartuko aurrez lehiaketa honetan aurkeztutako lanak.
  6. Lanak jasotzeko epea: 2025eko urriaren 16an irekiko da filmak jasotzeko epea, eta 2025eko azaroaren 16ra arte (23:59) irekita egongo da. Beranduago heltzen diren lanak ez dira onartuko. Lan bakoitza sail bakar batera aurkeztu daiteke.
  7. Sariak: Jasotako film labur guztien artean Aukeraketa Batzordeak, gehienez, 10 film labur aukeratuko ditu jaialdiaren Sail Ofiziala osatzeko. Hautatutako finalista bakoitzak 150€ jasoko ditu hautatua izateagatik. Zenbateko hau jasotzeaz gain, finalistak sari hauek lortzeko lehian arituko dira.
    • HUHEZINEMA saria:  650€  euskarazko film onenari (Epaimahai ofizialak emango du).
    • Ikusleen Saria: 100€tan baloratutako saria.
    • Era berean, baliteke sari gehiago egotea, beti ere babesle gehiagoren laguntza jasoz gero. *Oharra: lan batek sari bat baino gehiago jaso ahal izango ditu.
  8. Eskubideak: Jasotako lanen proiekzioak egiteko eskubidea izango du Huhezinema jaialdiak. Aurkeztutako lan guztiekin erakusketa publikoko eta sustapen muntaiak egin ahal izango dira, on-line edo off-line, helburu komertzialik gabe. Egileei aldez aurretik proiekzio horien berri emango zaie.
  9. Jasotako lan guztien artean, Aukeraketa Batzordeak hautaketa bat egingo du, eta hautatutako lan horiek Aretxabaletako Arkupe kultur etxeko zineman proiektatuko dira. Aukeraketa Batzordeak erabakiko du hautatutako lanen kopurua.
  10. Oinarrien onarpena: Lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri guztiak onartzea dakar.
  11. Epaimahai Ofiziala: Ikus-entzunezko alor profesionaleko adituek osatuko dute.
  12. Irakurri ezin diren lanak edo kaltetutako artxiboak jasoz gero, ez ditugu kontuan hartuko hautaketarako. Egilearen ardura da ziurtatzea bidalitako artxiboak egoera onean daudela.
  13. Antolakuntza 2025eko abenduaren 19a baino lehenago harremanetan jarriko da jaialdian parte hartzeko hautatuak izan diren hautagaiekin, eta hautatuen zerrenda 2025eko abenduaren 31 baino lehen argitaratuko da.
  14. Adimen artifizialaren erabilera: Jaialdiaren antolakuntzak adimen artifiziala sormenerako laguntza gisa erabiltzea onartzen du. Parte-hartzaileek inskripzioa egitean adierazi beharko dute lanaren sorkuntza-prozesuan adimen artifiziala baliatzen duen edozein tresna edo teknologia erabili duten ala ez, eta, erabili badute, zein fasetan (adibidez: idazketa, efektu bisualak, animazioa, soinua, eta abar) eta zer helbururekin erabili duten. Jaialdiak informazio edo argibide gehigarriak eskatu ahal izango dizkie egileei.

IZEN-EMATEA

Film laburrak Huhezinema jaialdian aurkezteko bete izen-emate orria online eta bertan txertatu zure film laburra ikusteko Vimeo edo Youtube esteka eta beharrezko pasahitzak. Film laburra hautatua izanez gero, jaialdian proiektatzeko DCP kopia edo kalitate handiko artxibo digitala eskatuko da. 

Sarituak egunean bertan jakinaraziko dira, beraz, eskertuko genuke hautatutako filmen egileak sari-banaketan egotea (urtarrilaren 23an).

DATUEN BABESA

Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduaren eta Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren arabera, HUMANITATE ETA HEZKUNTZA ZIENTZIEN FAKULTATEAK, tratamenduaren arduradun bezala, jakinarazten du emandako datu pertsonalak HUHEZINEMA jaialdiko inskripzioa eta parte-hartzea kudeatzeko tratatuko direla. HUHEZINEMAn izena emateak film laburren lehiaketan parte hartzea dakar eta, beraz, irabazle suertatzen den film laburra antolakuntzaren komunikazio-tresnetan emitituko dela jakinarazten da. Datuak bildu diren helburua betetzeko eta sor daitezkeen erantzukizunak zehazteko behar-beharrezkoa den epean gordeko dira. Zure datuak eskuratu, zuzendu eta ezabatu ditzakezu, baita beste eskubide batzuk erabili ere dpo.huhezi@mondragon.edu helbidean, datuak babesteko informazio gehigarriarekin batera www.mondragon.edu/eu/pribatutasun-politika helbidean azaltzen den bezala.

IRUDI ESKUBIDEAK HUHEZINEMA

HUHEZINEMA jaialdian parte hartzen duten egileek eta irabazleek baimena ematen dute ekitaldian ateratzen diren argazkiak eta bideoak publiko egiteko.

19. HUHEZINEMA ekitaldi nagusian, sarituak baimena ematen dute, bertan ateratzen diren argazki eta bideoak komunikabideetan zabaltzeko. Parte-hartzaile guztiek, aurrez aurreko jardueretan, beraien irudia sustapen-helburuetarako erabiltzea baimentzen dute.

Erakundeak ez du bere gain hartuko aurkeztutako lanek egile-eskubideen arloan izan ditzaketen arau-hausteen gaineko erantzukizunik. Era berean, egile-eskubidepean dagoen musikaren erabilera deskalifikatzeko arrazoitzat hartuko da.

Film laburraren zuzendariak (ekoizlea ere badela ulertzen da) konpromisoa hartzen du lehiaketarako obra ustiatzeko eskubide guztiak lortzeko, bai eta egileen (gidoilaria eta musikariak, egonez gero) eskubideak lagatzeko eta interpreteen irudi-eskubideak lagatzeko ere. Horrela, film laburren gaineko eskubide guztien jabetza bermatzen da.

KONTAKTUA

Telefonoa: 943 71 31 40

E-maila: huhezinema@mondragon.edu