Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia
Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, 2008an jarri zuen abian Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren lehen edizioa.
Ordutik, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko azken mailako ikasleek hartzen dute jaialdiaren antolakuntzaren ardura, eta hori da ekimen honen ezaugarri nagusietako bat. 2022tik aurrera, ardura hau “Kultur ekitaldiak antolatu eta ekoiztea” moduluaren barruan egiten dute.
Modulu honetan, ikasleek graduan jasotako ezagutza praktikara eramaten dute, talde lanaren bidez, klasean ikasitako teoriak errealitatearekin uztartuz. Haien helburua da jaialdi profesional eta kalitatezkoa sortzea, euskal film labur eta bideoklip berriak publikoaren esku jartzeko.
2026ko ikasle-taldea
Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdiaren 19. edizioa egingo da aurten, eta berriz ere ikasle talde bat egongo da antolakuntzan. Aurten, 17 ikaslek osatuko dute taldea, eta Virginia Etxarri eta Maialen Torres irakasleek gidatuko dituzte.
Parte hartuko duten ikasleak honako hauek dira: Unai Cantabrana, Eider Abarrategi, Naroa Andres, Haizea Lizarraga, Amane Albizuri, Ibon del Coso, Ainhoa Badias, Iraia Beain, Xuban Aizpuru, Elena Nogales, Itoitz Urkiola, Amaiur Goikoetxea, Jone Jun Duralde, Oier Larrañaga, Xabier Aldanondo, Kimetz Aldalur, Auritz Loidi.
Ikasleak hiru taldetan antolatuta daude urtero bezala: Programazioa, Produkzioa eta Komunikazioa.
Programazio taldea arduratuko da jaialdiaren egitaraua prestatzeaz; hiru egunetako ekitaldi desberdinak antolatuko dituzte, hala nola film laburren proiekzioak, sariak, gonbidatuen hitzaldiak eta tailerrak.
Produkzio taldea, berriz, babesle eta laguntzaile bila arituko da jaialdiaren finantzaketa bermatzeko eta jasotako diruaren kudeaketa egiteaz arduratuko da.
Azkenik, komunikazio taldeak izango du jaialdiaren irudia eta zabalkundea zaintzeko ardura, sare sozialetan eta webgunean jardunez, eta hedabideekin harreman zuzena eginez, jaialdiaren berri ahalik eta publiko gehiagorengana iritsi dadin.
Gonbidatzen zaituztegu ikasle-talde honen lana gertutik jarraitzera, eta Huhezinema jaialdiaren komunikazio-kanalak jarraitzera, euskal ikus-entzunezko proiektu berriak bultzatuz.
19. edizioaren bila!!
