NORTZUK GARA

Huhezinema jaialdia

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, HUHEZIk, sortu zuen, 2008. urtean, Huhezinema Euskal Film Laburren Jaialdia.

Ordutik, “Kultur ekitaldien antolaketa” izeneko lan-prosamenaren barruan, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko 4. mailako ikasleek antolatzen dute goitik-behera erreferentziazkoa bilakatu den jaialdia.

Izan ere, erabat praktikoa den lan-sekuentzia horren helburua da elkarlanean jaialdia antolatzea; horrek ahal bideratuko duelako graduan ikasitakoak praktikan jartzea, eta, aldi berean, mundu profesionalarekin harremanak sustatzea.

2019ko antolatzaileak

Aurten, Huhezinema jaialdiaren 12. edizioa aurkeztuko da; eta, urtero bezala, antolatzaile talde berriarekin. Oraingo honetan, 16 ikasle ibiliko dira jaialdiaren antolakuntzan Iban Del Campo irakaslearen koordinaziopean. 

Oraingo edizioan honako ikasleak ibiliko dira lanean: Leire Zarate, Irati Vergara, Haizea Azpilikueta, Eneko Zuberogoitia, Ane Zuazubiskar, Julen Yusta, Irati Gonzalez, Pablo Oteiza, Asier Ugarte, Andoni Marquinez, Gari Suarez, Unai Portilla, Malen Iruretagoiena, Egoitz D. Ibargoitia eta Itsaso Garmendia.

Urterolez, hiru taldetan daude banatuta: Programazio taldea, Produkzio taldea eta Komunikazio taldea.

Programazio taldea Huhezinema 2019ko egitaraua zehaztearen arduraduna izango da. Lau egunetan zehar ekimen ezberdinak antolatuko dira, besteak beste, film laburren proiekzioak eta master class-ak.

Hori guztia posible egiteko, Produkzio taldea finantziazioa lortzeaz arduratuko da. Babesle, kolaboratzaile eta laguntzaileen bila ibiliko dira, sari erakargarriagoak banatzeko eta ekintza gehiago antolatu ahal izateko.

Azkenik, Komunikazio taldea jaialdiaren zabalkuntzaz arduratuko da eta ekitaldiaren jarraipena egingo du. Horrez gain, hedabideekin harreman zuzena izango dute taldekideek, interesa duen edonork gure jaialdiaren berri izateko. Jaialdiaren irudia ere izango da beraien ekarpen garrantzitsuenetako bat.

%d bloggers like this: