Marina Garcia kartel lehiaketaren irabazleari elkarrizketa

11. edizioa bueltan dugu, nobedadez betea. Horietako bat aurtengo edizioko kartela lehiaketa baten bidez egitea izan da. ‘Ikusteko jaioak gara’ leloa proposatu eta edozeinek berea propioa egiteko aukera izan du. 55 kartel jaso ondoren, antolakuntzak Marina Garcíarena aukeratu zuen. Gaurkoan berarekin hitz egiteko tartea izan dugu.

Marina García Fernández, irundarra, Sorkuntza eta Diseinuan graduatua da. Ikasketak EHUn burututa, aurten Valentzian dabil Diseinu grafiko eta Ilustrazioko master bat ikasten. Martxoaren 23an egingo dugun sari banaketa ekitaldian gurekin izango da saria jasotzeko eta film laburrez gozatzeko.

Zorionak, kartel lehiaketako irabazlea izan zara eta. Nolatan bururatu zitzaizun kartelaren estetika hori? Zerbaiten oinarritu zara?

Lehenik eta behin, mila esker. Egia esan, estetikan baino, jaialdiak transmititzen zizkidan kontzeptuetan oinarritu nintzen. Hortaz, kontzeptu hauek marrazketaren bidez islatzen saiatu nintzen, hau baita hoberen espresatzen naizen komunikazio-bidea. Kontzeptu hauek “itzultzeko” ilustrazio azkar eta arinekin egin nuen lan, betiere hainbat aspektu tekniko zainduz.

Zer adierazi nahi izan zenuen karteleko aurpegiekin?

Leloa izan zen kartela sortzeko orduan abiapuntutzat hartu nuena. “Ikusteko jaioak  gara”: irudi asko iradoki zizkidan, baina azkenean ikusleen irudiarekin geratu nintzen; denek gauza bera ikusten dute, baina bakoitzak bere moduan asimilatuz, denok baikara ezberdinak.

Gustura al zaude emaitzarekin?

Neure buruarekin zorrotza eta perfekzionista naiz, baina emaitzarekin pozik nagoela esan dezaket. Nire kartela hautatua izan zela jakiteak oso kontent jarri ninduen, jendeari gustatu zaiola jakitea beti baita pozgarria.

Esperientziarik duzu beste kartel lehiaketetan?

Diseinu grafikoa eta ilustrazioa nabil ikasten, beraz ez da kartel bat egiten dudan lehen aldia, baina egia esan ez daukat bestelako lehiaketetan esperientziarik, aurkezten dudan lehena izan baita hau.

Amaitzeko, zinezalea zara? Euskal zinema kontsumitzen duzu? 
Betidanik izan naiz zinemazalea, nire afizioen artean garrantzitsuenetarikoa dela esango nuke. Zinema munduan eguneratua egotea gustuko dut, eta film berrien estreinaldiak, merkatuan sartzen diren zuzendarien pelikulak etab. ezagutzen saiatzen naiz.
Euskal zinemari dagokionean, pozgarria da azken boladan hartutako indarra. Urteotan ateratako euskal pelikulek gure kultura zabaltzen eta indartzen dute, bai Euskal Herrian, eta baita hemendik kanpo ere. Aste honetan bertan “Errementari” filma ikusi dut.
Azkenik, Huhezinema bezalako jaialdi batera gonbidatua egoteak asko pozten nau; izan ere, zinema alternatiboagoa kontsumitzea ez baita beti erraza. Aitzitik, oso aberasgarria eta interesgarria dela uste dut.

Berak egiten dituen lanak zelakoak diren jakin nahi baduzu, bere Instagrameko kontua jarraitzera animatzen zaitugu: @marinameei

Ikusteko jaioak gara

 

%d bloggers like this: